GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKALTZALE INDEPENDENTISTON TOPAKETAK

«Euskara arazo da, eta antidoto izan behar du»

Euskal Herrian Euskaraz-ek lehendabiziko aldiz antolatu ditu Euskaltzale Independentiston Topaketak. Asteburu honetan egiten ari dira, Villabonan. Indartsu hasi ziren atzo goizean, solasaldi bizi-bizi eta mamitsu batekin. «Eusten diogu, baina gero eta korrontearen kontrago goaz. Beste giro bat behar du hizkuntzaren gaiak», aldarrikatu zuten.

Solasaldi mamitsu batekin hasi zituzten topaketak, Gurea Antzokian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ez ziren ados jarri zenbat gu bizi garen zehazterakoan. Eneko Bidegainek bi komunitateren artean sumatzen du gatazka, euskaldunak eta frantsesak Ipar Euskal Herrian, euskaldunak eta espainiarrak, Hegoaldean. Estitxu Garaik hamaika; hogei zenbatu zituen, eta aniztasun hori subiranotasun gosearekin nola lotu, hor jarri zuen erronka, justizia sozialaren ikuspuntutik, guztiontzat hobea izanen den toki baten bila, zapalkuntzei aurre egiten dieten bertze borrokekin batera. Amets Arangurenek infinitu gu ikusten ditu. D ereduan ikasia, «los de castellano» ziren gainerako guztiak, eta orain ohartu da uste baino anitzez ere hurbilago daudela berarengandik.

Baina denak bat etorri ziren euskara inposatzeko ideian. Bertze hitz bat erabiliko lukete, estatuek egiten duten gisa. «Eman» proposatu zuen Lorea Agirrek. «Ematen dugu nahikoa. Hain gara irekiak, ezen gure buruari bideak ixten baitizkiogu». Txaloak eragin zituen Amets Arzallusen arrapostuak.

Euskal Herrian Euskarazek lehenengoz antolatu ditu Euskaltzale Independentiston Topaketak, bi xederekin: burujabetzak eta euskarak elkar nola elika dezaketen gogoetatzea, eta euskaltzaleen komunitatea sendotzea. Gurea Antzokiko solasaldia izan zen aurreneko ekitaldia, eta jendez bete zen. Gustura atera ziren bildutakoak, interesgarri egon zelako.

Zergatik euskararen errepublika? Zehatz erantzun zuen musikari iruindarrak. «Hasteko, eduki izatetik forma izatera pasatzeko eta, hala, liburutegietatik euskal literaturaren atala desagertzeko».

«ABERTZALEA NAIZ ETA HARRO NAGO»

“Jakin” aldizkariko zuzendariak abertzalea dela erran zuen, eta “Me too” baten gisa, kideek aitortza bera egin zuten. Azaldutako baikortasunarekin bere burua ere harrituta, bertsolari lapurtarrak Txillardegiren esaldi ezagun bat ñabartu zuen. Lehen partea konpartitzen du: Euskara estatu batekin agian ez da salbatuko. Baina bigarren partearekin - estaturik gabe seguru ezetz- duda egiten du. «Estaturik gabe ere iritsi gara hona. Eusten diogu eta aitorpen bat, meritu eta ohore bat behar du euskalgintza horrek».

Korrontearen kontra igerian ari gara, ordea, «gero eta kontrago». Horregatik, behar gorria ikusten du honetaz pentsatzeko eta eragiteko, politikan eta norberaren inguruan.

Gordexolako irakasleak «borondate eraldatzailea» eskatu zuen, gutxienez hori. «Bakoitzak gure esparruan eragiteko aukera izugarria dugula sinetsi behar dugu».

«Euskara diskriminazio ardatz bat da, eta antidoto izan behar du, gizarte honetako herri talde desjabetu horiek guztiak batura batera ekartzeko», defendatu zuen Agirrek.

«Egun, euskara problema bat da toki guztietan, baita bizilagunen bilera bat egiteko ere. Baina euskara soluzioa da taldetasuna egiteko». Gaineratu zuenez, feminismoak anitz erakutsi dio euskalgintzari, menderakuntza sistema identikoa delako.

Arzallusek azpimarratu zuen oraindik ez dugula hizkuntzan egin diren bortxaketen memoria egin. Euskara hiztunok dugun eskubide bat da; batez ere ez dakienak ditu eskubideak, ordea. «Gu indarkeriak ekarri gaitu hona eta, irabaztekotan, sedukzioz irabazi behar dugu». Agirrek gehitu zuen erakargarri izan behar hori indarkeria dela, emakumeok ongi dakigunez.