GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA ARTIFIZIALA

Gilbertek eta Palmadak beste bide gogor bat zabaldu dute Utah-n

Manresako eskalatzaileok, hamaika eguneko jardunean, Cottontail Dorrean, basamortuan, “Twister rat” (A5/6a, 325 m) sortu dute. Horretaz gain, igo gabe zegoen beste dorre batean (Picatoste deitu diote), “Manrustist” (A2, 60 m) zabaldu dute.


David Palmada Pelut GARArekin harremanetan jartzen den bakoitzean, alarma guztiak pizten dira. Muturreko eskalada artifizialean espezialista handi honek duela gutxi honako mezua helarazi zigun: «Utha-ko (AEB) basamortutik iritsi berri naiz, eta badut zer kontatua». Hori irakurri eta gero, burura betiko irudia etortzen zaigu: ero hau berriro ibili da lokatzezko dorreetan egundoko beroa zein eskasia jasaten.

Oraindik gogoan dugu basamortu horretan Ester Ollerekin “Intifada”-ren (A6 mailako munduko lehen proposamena) lehen errepikapena egin zuenekoa. Eta, nola ez, “Oju peligru”-ren (A6+) lehen igoera. Eta horiek guztiak, beste jarduera batzuekin batera, Fisher Dorrean eta ondoko Mystery Dorreetan sinatu ditu.

Joan den udaran, berriz, Pelutek Joan Gilbertekin eginiko hogeita bost eguneko bidaian Cottontail Dorrean “Twister rat” bidea (A5/6a, 325 m) zabaldu du. Horretaz gain, espedizio horri beste ginga batekin amaiera eman zioten: igo gabe zegoen dorre batean (Picatoste deitu diote) “Manrustits “A2, 60 m) sortu, eta jarraian, “Devils Traverse” zeharkaldian, (A2/5, 65 m) sei gailur lotu zituzten.

Katalanek irteera horretan eginiko lanaren lerroburu nagusiak dira horiek, baina eskalada horien azalpenetan hasi aurretik, Peluti esan diogu Utah-ko basamortuan dauden muturreko baldintzetan behin eta berriz eskalatzea ez dela batere ohikoa. «Uste dut lokatz horretan harrapatuta nagoela; zale amorratua bihurtu naiz. Zergatik ote den? Bada, ez dut erantzunik. Bai, Fisher Dorreetara berriro itzuli naiz. Munduko dorre horiek ez dira batere seguruak, baina, era berean, naturari dagokionez, paradisu ederra dira. Leku izugarria da udaran; sasoia eta burua lehertzen dizkizu. Agian, hori da dorreek duten xarma. Basamortuak deitzen nauenean, ezin diot ezezko erantzunik eman. Asko bidaiatu dut, eta dorre horietan izan dudan eskarmentua ez dut beste inon bizi. Muturreko beroa egiten du, eta argi esaten dut aurrean dugun eskaladak heriotzarekin eta suntsipenarekin harreman zuzena dituela. Eta eskalada horietarako prest gaude geure oporrak (eta zer edo zer gehiago) sakrifikatzeko. Duela urte asko dorre horiekin maitemindu nintzen, eta nire kide Joan ere sare horretan erori da».

Pelutek aurreratu digu, berez, Utah-ko dorreei iaz bisita egin behar ziela, baina, aireportuan zirela, agiri bat ez omen zuten ondo, eta espedizioa bertan behera utzi zuten. Aurten, berriz, ez dute arazorik izan, eta duela urte asko Pelutek Cottontail Dorrean ikusi zuen zirrikitu bat helburu izan dute: «Akrobatikoa zein harrigarria zen! Hain justu, marra hori “Intifada”-ren ondoan dago. Esan behar dut azken bide horrek zailtasuneko eskalada artifizialaren inguruan nuen ikusmoldea betiko aldatu zidala».

Helburu zehatz horrekin, joan den abuztuan katalanok erosotasuna eta lasaitasuna “aparkatu”, eta Ameriketako Estatu Batuetako Utah-ko basamortura bidaiatu zuten. Moab hirira iritsi bezain pronto, azken orduko erosketak egin eta Mystery Dorreetara abiatu ziren. Izan ere, protagonista katalanak aurreratu digunez, ezkutatuta zuten altxorraren bila joan ziren: «Piraten modura, duela lau urte hango hiru dorreetan eginiko lehen igoeren ondoren, tresneria basamortuko leku batean lurperatu genuen. Itzuliko nintzela nekienez, erabaki hori oso egokia izan zen aurtengo bidaian fakturazioaren pisua ez ordaintzeko. Mystery-ra iritsi bezain pronto, termometroak 40ºko tenperatura markatzen zuen».

EKINTZA ZUZENA

Memoriak ez zion Peluti hutsik egin. Tresneria berreskuratu eta, denbora galdu gabe, Cottontail-era lehen garraio lanak egin zituzten: «Bidearen oinarrian nengoela, argi nuen lehen luzea nik zabalduko nuela; hots, festaren hasiera nire esku zegoen. Joanek aurretik makina bat metro ditu eskalatzeko, eta ez nuen egoki ikusi lehen metroetan leher eginda amaitzea. Pecker oso txikiak jartzen hasi nintzen; ziur ez dakit non. Harri zabaletan? Hondarrean? Dakidan bakarra da kontu handiz hasi nintzela. Nire lehen helburua sabai batera heltzea zen, ondoren zer edo zer egonkorra jartzeko eta lehen hartu-emana bukatutzat emateko».

Bero itogarria egiten zuenez, halabeharrez itzala giltza zen eskalatzen jarraitzeko. Pixkaka buru-hausgarria osatzen hasi ziren. Bederen, 45 metroko lehen luzea. Une jakin horretan, eskalatzaileok argi zuten atzerako martxak ez zuela lekurik haien hiztegian: «Aingura eta friend handi batzuk jartzen ari zela, nire kidea gozatzen ikusi nuen. Aurreko bidaian asko ikasi zuen; gogoan dut oraindik Joanek izan zuen deshidratazioa. Aurtengo espedizioan hori ez da gertatuko esan, eta oso ondo prestatuta geunden. Aurrean genuen infernuak asko erakartzen gintuen. Hondar bertikal batean nabigatzen ari ginen: paisaia bitxiak, zeharkaldi xelebreak, artesi onak eta txarrak, luze gogorrak eta bortitzak… Eta zertarako? Soilik 30 edo 40 metro berri zabaltzeko. Sasoi horretan eskaladak eskatzen duen intentsitatea harrigarria da oso».

Pitzadura sistema txikiak lotzea ez zitzaien batere erraza egin, eta, gogorra izateaz gain, oso arriskutsua zen. Horietako asko, gainera, lokatzaren azpian ezkutatuta zeuden. Garbiketa lanek, hortaz, erabateko garrantzia hartu zuten. Bederen, eguna bukatu eta bibaka ziren atseden hartzeko: «Dorre eder hauek eskalatzen ditudan bakoitzean, ondorio bera ateratzen dut: ze polita den hamaketan zintzilikatuta bibak egitea. Batzuetan, barealdia nagusitzen da; beste batzuetan, aldiz, haizeak eta hondarrak gogor zigortzen gaituzte. Azken egoera hori egun batzuetan jasan genuen; haizeak oso bortitz hondarra altxatu eta gogor astintzen gintuen. Mendekua zirudien! Beti pentsatu izan dut dorreek beti zelatatzen gaituztela. Baina, neurri batean, maitatu ere bai».

Hamaika eguneko jardueraren ondoren, Gilbert eta Pelut Cottontail Dorrearen gailurrera iritsi ziren “Twister rat” bidea sortu eta gero. Tontor txiki horri arratoiaren gailurra deitu diote. Pelutek dio puntu horretatik dauden ikuspegiak ederrak baino ederragoak direla. Ilunabarra, adibidez, berezia izan zen: «Han izandako bizipenak helaraztea zaila egiten zait oso. Eskarmentu hori betiko gordeta izango dugu. Hamaika egun izan dira, baina mikrosegundo bakoitzean asko gozatu dugu. Batez ere, helburua bete eta handik bizirik irten ginelako».

PICATOSTE DORREA

Cottontail Dorrea eskalatzen hasi zirela, Pelutek aurreratu digu parean dagoen dorre txiki bat aztertzen egon zirela. Eta ohartu ere bai, ez zuela bilerarik. Haren inguruan ez zuten informaziorik, eta igoerarik izan ote zuen baieztatzeko orratz horretara hurbildu ziren.

Aurreko jardueran ez bezala, bigarren horretan buruhausterik ez zuten nahi. Aukeratutako dorrea txikiagoa zen, eta aldez aurretik eginiko azterketak esaten zien gozatzeko aukera handiak zituztela. Hiru luze zabaldu ondoren, gailur oso-oso txiki batera heldu ziren. Igoerarik ez zuenez, Picatoste Dorrea deitu diote. Bideari, berriz, “Manrustits” (A2, 60 m).

Azken eskalada horri buruz, Pelutek honakoa aipatu du: «Ikaragarria izan zen. Gu gailur horretan, eta lurrean milaka turista; zur eta lur utzi genituen. Bide berriak ez du muturreko zailtasunik, baina pozik geratu ginen. Azkenik, Cottontail zein Picatoste dorreei eskerrak eman nahi dizkiet, asko gozatu baitut hondar eta gailur horietan. Eta, jakina, Joan nire kideari; izan ere, garbi edo zikin arratoiak izaten jarraituko dugu».