GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Larrazabalen eferbeszentzia otzandu zuen Erik Jakak lehen galbahean

Lehen zatian aurkariaren pilotakaden abiadurak arazoak sortu bazizkion ere, bere oldarkortasuna eta errepertorioa zukutu behar izanik gabe eta, azkenerako, markagailuan estuasun handirik pasa beharrik gabe lortu zuen lizartzarrak ligaxkarako txartela.

Erik Jakak ez zuen erasoan distiratsu ibili beharrik izan Larrazabal menderatzeko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ezer ezkutatzeko zuelako baino, egunik onena izan ez zuelako, baina bere errepertorioa gehiegi erakutsi beharrik gabe pasatu zuen atzo Erik Jakak kaiolako lehen galbahea, Iker Larrazabali 22-13 gailenduta. Udan emandako aurrerapausoa eta gero, lizartzarraren bertsio berritua espero zuenak, ez zuen Erik Jaka oldarkor eta ausart horren berririk izan, are gehiago, tarteka lotuta eta baita kontserbadore ere ikusi genuen, baina bere ofizioa eta estatusa nahikoa izan zituen Iker Larrazabalen eferbeszentzia otzantzeko.

Hauspoak iraun zion bitartean, pilota abiadura bizian erabilita estutu zuen aurkaria amurrioar gazteak, baina pilotakada bakoitza gorputz eta arima jo behar horretan, partida luze egin zitzaion arabarrari eta, azkenerako, erraztasun handiak eman zizkion faboritoari. Hasieran determinazio apur bat gehiago falta izan zitzaion jokoan sartu ezinik aritu zen Erik Jakak emandako erraztasunei etekin handiagoa ateratzeko, hutsak ere, nahi baino gehiago pilatu zituen erdi aldera, eta azkenerako etsiak hartu zuen, 15-12 gerturatu ostean, gorputzak ere jarraitu ez zionean.

HASIERA ITXAROPENTSUA

Bi tanto oso luzeren ostean, 2-0 galtzen hasi zen arren, partida hasieran alde polita hartu zuen Baikoren udako apustua izan den Iker Larrazabalek jarraian lortutako sei tantorekin. Lotuta bezala ekin zion Erik Jakak lehiari, bere izaerari uko egin eta tantoak luzatu nahiko balitu bezala, eta Larrazabalen pilotakaden abiadurak arazoak sortu zizkion lizartzarrari, pilota txar asko erantzun beharrean izan zen eta.

Sakez ere ez zuen lehen pilotakada nahi beste gurutzatu lizartzarrak, baina tarteka erremate on batzuk sartu eta, aurkariaren opariak eskertuta, berehala berreskuratu zuen faboritoak markagailuaren ekimena (13-8).

Bost tantotako alde hau ere ez zen nahikoa izan Erik Jakak barruan zeraman korapiloa erabat askatzeko, baina amurrioarrak izan ez zuen sufritzeko gaitasuna izan zuen. 31 pilotakadako 16-13ko tanto ikaragarria arabarraren alde erori zen zabalean egindako dejada batekin, baina paradoxikoki, fisikoki Iker Larrazabali askoz gehiago eragin zion, eta hortxe hasi zen amurrioarraren aukeren amaiera.



Enpresen arteko lehia bikoitza Tolosan

Enpresen arteko lehia bikoitz batek emango dio amaiera gaur arratsaldean aurtengo Lau eta Erdiko lehen jardunaldiari. Urrutikoetxea eta Salaberriaren arteko demak emango dio hasiera Beotibarreko jaialdiari, eta Danel Elezkanok eta Jon Ander Peñak amaituko dute lehen kanporaketa.

Txapelketako beteranoenak eta gazteenak hasiko dute jaialdia kontrastez beteriko dema batean. Ezohiko uda izan da azkena Mikel Urrutikoetxearentzat, aspaldiko partez, udako feria nagusietatik -Bilbokoa salbu- kanpo utzi baitu Baikok, eta ikusi beharko da zer-nolako maila emateko gai den. Iker Salaberriak ere ez du feria handietan jokatzeko aukerarik izan, baina joko puntu oso onean agertu da jokatu dituen partidetan, erasoan oso arriskutsu eta defentsan ere bikain. Iazko Promozioko txapelduna atarikorik jokatu behar izanik gabe sartu du Aspek, eta konfiantza horri erantzun nahiko dio.

Danel Elezkano izan zen, Beotibarren bertan, atariko hori jokatu behar izan zuenetako bat -Darioren aurka-, eta aurrera egitea lortu zuen. Azken egunetan sukar puntu batekin egon da, baina Zaratamokoa beti da arriskutsua. Hala ere, Peñak faborito behar luke eta aurrera ez egitea kolpe handia izango litzateke. J.O.