GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Alyssa Spencer eta Deivid Silva nagusi CS itzuliko bosgarren txapelketan

Alysa Spencer estatubatuarra eta Deivid Silva brasildarra nagusitu ziren Riveira d’Ilhas urautsi portugaldarrean egin zen Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketan. Orain lehiaketa bakar bat falta da 2024an lehen mailan izango diren surflariak izendatzeko.

Portugalgo irabazleak oholtzan, Luana Sylva, Daivid Silva, Alyssa Spencer eta Jake Marshall. (WSL.COM)

 

Lehia gogorra izan zen Portugalgo Riveira d’Ilhas eskuin olatu famatuan urriaren zortzian amaitu zen Challenger itzuliko bosgarren txapelketan. Metro bateko eskuin olatu luzeak izan ziren nagusi txapelketak iraun zuen artean, eta mundu osotik gerturatutako surflariek itzelezko maila erakutsi zuten. Azkenean, Alyssa Spencer eta Deivid Silva izan ziren txapeldunak.

Euskal ordezkariak ere izan ziren, baina soilik nesken kategorian. Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra, Ariane Ochoa bilbotarra, Pauline Ado hendaiarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra izan ziren Portugalgo txapelketan. WSL erakundeak emandako wildcard gonbidapen bati esker parte hartu ahal izan zuen Erostarbek, eta bera izan zen euskal ordezkarien artean emaitza hoberena lortu zuena, nahiz eta, horretarako, bigarren txandan Janire kaleratu behar izan zuen.

Aurtengo denboraldian hirugarrenez final laurdenetara iristeko zorian izan zen zarauztarra, baina puntu baten aldearekin ezin izan zuen CS rankingean lehen postuan den Sally Fitzgibbons australiarra garaitu.

Edonola ere, bi postu egin ditu gora CS rankingean Erostarbek eta egun, 15. postuan da. Ariane Ochoa 21. postura jaitsi da eta Pauline Ado 34. postuan da. Janire Gonzalez Etxabarrik ere gonbidapen wildcard bati esker parte hartu zuen, baina aurten lehiatu ahal izan den CS mailako txapelketa bakarra izan zen, ondorioz, rankingean oso behean da. Mutilen kategorian ostera, Joan Duru da postu hoberenean den europarra. Baionan jaio, baina Ondresen bizi den surflaria 16. postuan da.

Txapelketa bakar bat falta da aurtengo CS itzulia amaitzeko, hain zuzen ere urriaren 14tik 21era Brasilgo Saquarema hondartza famatuan egingo dena. Horren ostean, mutilen rankingeko lehen hamar lehiakideak eta nesken rankingeko lehen bost lehiakideak lehen mailara igoko dira.

 

SPENCER ETA SILVA

Luana Silva brasildarra eta Alyssa Spencer surflari estatubatuarra izan ziren buruz buru nesken finalean. Mutilen finalean, ostera, David Silva brasildarra eta Jake Marshal estatubatuarra izan ziren elkarren kontra lehian. Nesken kategorian, iparramerikarra nagusitu zen, eta mutilenean, berriz, brasildarra.

Honela mintzatu zen Spencer Portugalen garaipena eskuratu ostean: «Zoragarria da, hainbeste emozio, eta hainbeste lan gibelean. Aurtengo sasoia zinez zaila izan da, neska hauek izugarrizko maila ari dira erakusten, inoiz ez da halako maila izan eta txapelketa bat irabazteko lan handia egin behar da. Behar nuen konfiantza eman dit garaipen honek eta rankingean postu onean uzten nau azken txapelketarako».

Portugalen lortutako emaitzei esker laugarren eta seigarren postura igo dira Spencer eta Silva. Nesken rankingeko lehen bi postuetan, ostera, Sally Fitzgibbons eta India Robinson lehiakide australiarrak daude.

Mutilen kategoriako txapelduna ere pozarren agertu zen: «Hain berezia da, niretzat amets bat zen txapelketa hau irabaztea, zeren gehien maite dudan txapelketetako bat da. Zoriontsu nago eta gainera lortu ditudan puntuak oso garrantzitsuak dira, desiratzen nago Saquareman lehiatu eta urtea postu on batean amaitzeko».

Deivid Silvak 20 postu egin ditu gora CS rankingean, eta egun, bosgarren postuan da. Cole Houshmand estatubatuarra da mutilen rankingeko buru, eta bigarren postuan, Portugalen bigarren geratu zen Jake Marshall dago.

CHALLENGER SERIES

Lehen mailara (Championship Tour) igotzeko gainditu beharreko maila da Challenger Series. Ez da edonork parte har dezakeen maila, izan ere QS mailan (hirugarren mailan) oso emaitza onak lortu dituztenak bakarrik lehia daitezke CS mailan.

Duela hiru urte abiatu zen CS maila, eta lehen bi urteetan 96 mutilek eta 64 neskak parte har zezaketen. Baina aurten aldaketak izan dira, eta lehiakide kopurua jaitsi egin da; horregatik, euskal ordezkari kopurua ere jaitsi da, plaza bat eskuratzea zailagoa bilakatu delako. Hortaz, meritu handia dute CS mailan lehian ari diren surflariek.

Gauzak honela, gaur egun 80 mutil eta 48 neska lehiatzen dira CS mailan, eta kontuan hartu behar da horien artean direla lehen mailako CT itzuliaren erdian kanporatuak izan diren 12 mutil eta 7 neskak. Beraz, Challenger Seriesen itzelezko maila izateaz gain, sekulako lehia ere badago, lehen mailatik jaitsi nahi ez dutenak eta lehen mailara igo nahi dutenak ari baitira.Guztira sei txapelketek osatzen dute nesken zein mutilen CS itzulia, eta lehiakide bakoitzaren lau emaitza hoberenen batura egiten da amaieran. Horren ondoren erabakitzen da lehen mailara igotzea nork lortu duen.

Mutilen kasuan rankingeko lehen hamar lehiakideak igotzen dira CT mailara, eta nesken kategorian, ostera, bost aurrenak dira lehen mailara igotzen direnak.

Aitzitik, kontuan hartu behar da batzuetan rankingeko lehen postuetan jada lehen mailan diren surflariak izaten direla, badaezpada ere mailaz jaisteko arriskuaren aurrean CS mailan ere lehiatzen baitira; horregatik, ez da zehatza esatea lehen bost edo hamar postuetako lehiakideak direla CT mailara igotzen direnak.

Gauzak honela, azken aukera dute CS mailako lehiakideek ahalik eta postu hoberenean amaitzeko aurtengo denboraldia. Urriaren 14an hasiko da Brasilgo Saquarema hondartzan azken txapelketa.