GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Elkarrizketa bultzatzea gero eta beharrezkoago


Hamasek larunbatean Israelen aurka egin zuen erasoa, zalantzarik gabe, umiliagarria izan zen segurtasun eta espioitza baliabide indartsuak eta gaitasun militar sofistikatua ezaugarri dituen Estatuarentzat. Hamasentzat eta palestinar askorentzat, berriz, ia galtzekorik ez duenaren harrotasun motiboa. Ondorioak ondorio. Ondorioak, ordea, Gazako Zerrendako berehalako bonbardaketak eta «etsaiak inoiz ezagutu ez duen prezioa ordainduko» duenaren iragarpena dira, baita Gazako Zerrendari elektrizitatea, erregaia eta bestelako hornidurak etetea ere. Neurri horiek Hamasen gaitasun militarrean eragina izango dute seguru asko, baina seguruagoa da populazio zibilarengan eragin handiagoa izango dutela. Gatazkak eskualdean barrena zabaltzeko arriskua ahaztu gabe. Ikusteko dago miliziano palestinarren eskuetan dauden bahituek, Israelgo Gobernuak berak aitortuak, noraino baretu dezaketen Netanyahuk iragarritako asmo mendekaria.

Nazioarteko komunitateak «erabat» gaitzetsi du palestinarren erasoa, erasotzailea Israel denean falta izaten duen irmotasuna erakutsiz. Kontua ez da konparazioen jokoan sartzea, ordea; are gutxiago «eta zu gehiago» kiribila elikatzea. Ez dirudi biderik onena; hala ere, testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa da, hala nola azken hilabeteetan palestinarrek jasandako eraso etengabeak, kolonoek hartutako eremuak, Gazako 16 urteko blokeoa edo nazioarteko legediari jaramonik ez egin izana. Horri ez ikusi egiten dioten munduko herrialdeen jarrera mito baten gainean eraikitako diskurtsoarekin bat egitetik dator: Israel eskualde hartako demokrazia bakarra da, honezkero argi erakutsi ez balu bezala ez dela horrela. Herrialde horiek, baina, XX. mende amaiera arte apartheidaren Hegoafrika ere defendatu zuten.

Premia biziko bitartekaritza eskatzen duten ahotsak entzun dira, triskantza galarazteko, eta premia bizikoa da, izan ere, baina ez bihar halakorik gerta ez dadin, konponbide iraunkor bat aurkitzen laguntzeko baizik. Hamaika aldiz esan da, baina gero eta premiazkoagoa da elkarrizketaren bidez, elkar ulertuz, konponbide demokratikoak lortzeko bultzada.