IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Goiatz Labandibarrek lehenengo eleberria plazaratu du: «Bekatua»

Garazik 36 urte ditu, eta bere bikotekidea ez den 18 urteko mutil baten ohean esnatu da parranda ondoren. Ohean dagoela bururatutakoak bildu ditu Goiatz Labandibarrek lehen nobelan. 2021eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi eta Ereinek argitaratu du.

Atzo goizean aurkeztu zuen Goiatz Labandibarrek bere lehen eleberria, Ereinen eskutik.
Atzo goizean aurkeztu zuen Goiatz Labandibarrek bere lehen eleberria, Ereinen eskutik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Narrazio laburrak idatzi izan ditu orain arte, batez ere. Sarritan entzun behar izan du «noizko nobela?» galdera. «Agian, inoiz ez», erantzun ohi zuen Goiatz Labandibar idazleak. Baina udazkenarekin batera iritsi da idazle oiartzuarraren lehenengo eleberria, “Bekatua”. Tekila usain eta zaporez bustitako ia ehun orrialdeko nobela laburra aurkeztu zuen atzo goizean Donostian.

Garazi da kontakizuneko protagonista, eta Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak azaldu zuen protagonistari «biharamunak irauten dion adina irauten» duela liburuaren irakurketak. 36 urte dituen emakumea da Garazi, eta 18 urteko gazte baten ohean esnatu da parranda baten ondoren; gazte hori ez da «bere Axi», eta biharamuneko ideien zurrunbiloak jaten du protagonista. «Tonu jostarin eta makarra» nabarmentzen dela adierazi zuen editoreak.

Aipaturiko eszenarekin abiatzen da eleberria, eta hori da eszenatokia denbora guztian. Gazte ezezagunaren ohean dagoela, protagonistak dituen hausnarketek osatzen dute kontakizuna: «Sozialki ondo ikusita ez dauden bi kontu zeharkatzen dira: batetik, Garazik adarrak jarri dizkiola bere bikotekideari, eta, bestetik, bera baino ia hogei urte gazteagoa den mutil batekin». Abagune horretatik Garazi pertsonaiak bere buruari eta gizarteari begiratuko dio.

Razquinek esan zuen eleberriko «indargunea» protagonista bera dela: «Oso ongi eraikita eta finkatuta dago pertsonaia, eta horrek bere hausnarketek, pasadizoek eta ideiek beste pisu bat hartzea ekarri dute; Garazi ezagutzera iristen zara». Hirugarren pertsonan idatzita dago, eta idazleak azaldu zuen Garaziren ikuspegia bakarrik jasotzen dela liburu osoan: «Axi eta Mattin (bere bikotekidea eta ondoan duen gaztea) ez dira aktiboak kontakizunean. Ez dut interesik izan haien ikuspegia zein den asmatzeko. Protagonista bat eta bakarra dago: Garazi».

IDEIAREN ITURBURUA

Labandibarrek lo egin ezinean gaudenean sortzen den ideia zurrunbiloaren inguruan idatzi nahi zuen, «norbaiten lo ezina» kontatu, eta momentu horretan bururatzen diren konexiorik gabeko ideiak landu. Aurkezpenean kontatu zuen, horretarako aitzakia bat behar zuela: «Krisi existentzial horretara edota erresaka emozionalera iristeko aitzakia bat behar nuen. Baina ez nuen nahi zerbait transzendentala edo atzera bueltarik gabekoa izaterik, ez nuen heriotzarekin lotu nahi». Razquinek aitortu zuen asko gustatu zitzaiola irakurritakoan, eta euskal literaturan estilo horretako eleberrien «falta sumatzen» duela.

Ereineko editoreak nobela osoan dagoen umorea nabarmendu zuen. Eta izenburuan ere tonu hori emateko beharraz ohartarazi zion idazleari, lehenengo bertsioa irakurtzerakoan. Azaleko irudiak ere horren berri eman nahi du; Iñaki Zapirainek egindakoa da, eta aurkezpenean Labandibarrek azaldu zituen irudiaren nondik norakoak: «Aipatu dudan ideien zurrunbiloa keak adieraz dezake. Txupitoa jartzea Iñakiren ideia izan zen, eleberrian agertzen delako. Eta eskuak zein itzalak ere badute beren esanahia».

2021eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi zuen idazleak, eta orain Erein etxeak argitaratu du. Luzerari dagokionez, beraz, eleberria izan arren, laburra izateko baldintza zuen, eta horrela mantentzea erabaki dute ondorengo edizio lanean ere.