GARA Euskal Herriko egunkaria

Azokan


Arropa merkearen oihana da eta jendez gainezka dago; markako galtzontzilloak, markako poltsak, markako lurrinak (ia-ia originalak denak). Eta hainbeste markaren artean, esploratzaileak, neketsu, bidean aurrera, edozein adabakitik zintzilik dauden eskuoihalei iskin egiten; salmahaitik, gutxien espero dutenean, eraso egingo dieten zapatilei adi; arbolen itzaletan ezkutatzen diren guardasolen ezkutuko mugimenduei so (kanibalak dira ia-ia denak). Ikusi edadeko abenturazaleak, ausart, ezker-eskuin zabaltzen diren neurri handiko soineko eta praken labirintoen atarietan sartu ala ez erabakitzen.

Oihal-tunel itogarri bat da etorbidea, aurrera egin ahala gero eta estuago bilakatzen dena. Edozein izaki mitologikoren habia izan daitekeena. Horregatik, hain zuzen ere, jarraituko du aitzindariak, apur bat aurrerago egiteko nahiko adore biltzen duenak, badakielako altxorra duela zain: belkrodun zapata zabalak, marradun txandal urdinak, kotoizko galtzerdi zuriak... Eta aurrerago joanda sumatzen hasiko da amaiera; argiaren eta baratzearen hurbiltasuna, han, non laranjaz, meloiz, piperrez, kalabazinez eta zeruz betetako bide laua hasten den, txerrikien, gaztaren eta bakailaoaren paradisuaren aurreko azken geltokia. Baina, lehenago, harridura-kolpe latza jasoko du esploratzaileak, bat-batean lurrazalean galdutzat emandako CD-salmenta postu batekin tupust egiten duenean. Bai, bai, CD-salmenta postu bat 2023an, bai, bai; azokan dokumentatua dago gertakizuna. Oraindik existitzen dira!