GARA
IRUÑEA
Interview
UNAI HUALDE
Nafarroako Parlamentuko presidentea

«Zoritxarrez, ez dago euskararen ofizialtasunaren aldeko gehiengorik»

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan, herrialdeko gaurkotasunari errepasoa eman zion, Foru Hobekuntzaren Legea erreformatzeko ponentzia martxan jartzea onartzeak zabaldutako aukeren testuinguruan. Ez du herri galdeketa egitea baztertzen. Euskararen inguruko desadostasunez ere mintzatu zen.

Parlamentuan hartu zuen Hualdek NAIZ Irratia.
Parlamentuan hartu zuen Hualdek NAIZ Irratia. (NAIZ IRRATIA)

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien babesarekin, Foru Hobekuntzaren legea erreformatzeko ponentzia onartu da nafar Parlamentuan, hori eguneratzeko asmoz. Eta horrek marraztuko du Ganberaren jarduna hasi berri den legealdian. Aurrekoan, «akordio programatikoan egon arren», ez zen lortu puntu horretara iristea eta legealdi berrian hilabete gutxitan hona iristea «pauso bat da», Unai Hualderen hitzetan, NAIZ Irratiko mikrofonoan onartu zuenez.

Hemendik aurrera proposamenen fasea irekitzen da. Hala ere, Nafarroako Foru Hobekuntza legea bozkatzea ere aurreikusten du. Izan ere, lau hamarkada baino gehiago igaro dira eta, Hualderen ustez, orduko Nafarroaren eta egungoaren artean alde nabarmenak daude: «1982an onartu zenean indar batzuen garaiko Nafarroa irudikatzen zuen eta beste herritar batzuk kanpo geratu ziren. Ez zen galdeketarik egin, ez zen erreferendumik egin, nahiz eta Nafarroako legerik garrantzitsuena izan».

Horren aurrean, «eztabaida hori» eta «Foru Hobekuntza integratzaileago bat» aldarrikatzen ditu Parlamentuko presidenteak. «Nafarroako aniztasuna hobeto irudikatzen duen lege bat egiten saiatu behar gara, eta, zergatik ez, galdeketa egiten», esan zuen.

EUSKARA

Hualdek gogora ekarri zuen 1982an gertatu zena; orduan nafar Gobernuak euskara Nafarroa osoan ofiziala izatearen aldeko jarrera zuen eta Hobekuntzan sartzea erabaki zuen. Baina gero Madrilera eraman eta pauso hura ez zen gauzatu. Orain «eztabaida» izango dela esan arren, Parlamentuko presidenteak onartzen du «zoritxarrez ez dagoela gehiengo bat ofizialtasun hori lortzeko».

Hala ere, «aurrerapausoak» izan daitezkeela uste du: «Adibidez, administrazioan euskara meritua izatearena. Badugu nolabaiteko konpromisoa dekretua aterako dela. Honek suposatzen du eremu mistoan euskara meritu bezala baloratzea. Indarrean ez dagoen bitartean ez da baloratzen eta egoera horri amaiera eman behar zaio». Euskara iskanbila politikotik atera beharra dagoela ere nabarmendu zuen.

FEDERAZIOA ETA IRUÑEA

Bestetik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere aipatu zuen, non EH Bilduko Xabier Alcuaz izango den presidente, Geroa Bairen eta PSNren botoak ere bereganatuta. Hualderen hitzetan, «Geroa Baik beti defendatu du gehiengo aurrerakoien arteko akordioa» eta hori errespetatu dute kasu honetan ere.

«Gertatutakoa begi onez ikusten dugu, eskuinak ez gobernatzeko alternatiba bat lortu delako». Hala ere, kritika ere egin zuen. «Exekutiboa nahiko alderdikoia ikusten dugu. Kontuan hartu behar dugu Nafarroako %55 zerrenda independenteak direla eta saiatu behar gara Federazioan egongo garen indar guztiak independente horiek egungo kudeaketaren parte sentitzea».

Bestetik, Iruñeko Udalaren egoeraren harira, maiatzeko hauteskundeen ondoren hartutako jarrerari eutsi zion Hualdek. Balizko zentsura mozio baten inguruan galdetuta, proposamen zehatzik ez dutela ezagutzen baieztatu zuen, baina atea zabalik utzita: «Gure aldetik ulertzen dugu gehiengo aurrerakoi eta askotarikoak batzeko aukera dagoenean saiatu beharra dagoela. Eta Iruñea Nafarroako hiriburua da. Geroa Baik ez zuen ulertu Iruñeko Udalean gertatu zena, bazegoelako batzeko aukera. Saiakera horietan egongo gara».