OCT. 14 2023 KOLABORAZIOA Elkartasuna palestinar herriarekin Joxe IRIARTE «Bikila» Alternatibako kidea Gazako eremutik talde armatu palestinarrek egindako erasoaldia inoiz baino zabalagoa izan da. Israelgo instalazio militarrak hartu dituzte, batez ere Sderot eta Karem Abu Salemeko mugan, Gazako blokeoa gogortu zenetik merkantzien pasagune bakarra izan dena. Aldi berean, milaka kohete jaurti dituzte, Israelgo misilen aurkako defentsa zeharo ahulduz. Oso garrantzitsu deritzot operazio hau ahulek indartsuen gotorlekuen aurka eginiko operazio militar gisa deskribatzeari. Izan ere, azpimarratu behar da Israelgo Armada munduko indartsuenetako eta ongien hornituenetako bat dela. Bi aldeetan zibilak hil izana deitoratzen dugu, baina erantzukizun nagusia urteetan bere operazio militarretan zibilak helburutzat izan dituen eta dituen (bistan da Gazaren aurkako bonbardaketek zer nolako sarraskiak burutzen dituzten) Israelgo Estatuaren politika da. Ekintza horren testuingurua ere gogoratu behar dugu. Israelgo Armadak eta kolonoek Zisjordaniako biztanleen aurkako erasoak eta indarkeria egunero baliatzen dituzte, eta urte hasieratik 237 pertsona hil dira, tartean 50 adingabe. Gazako zerrendan, irailaren 13tik, ekialdeko mugatik gertu egindako manifestazio baketsuek gutxienez 6 hildako eta 50 zauritu utzi dituzte, tartean bi kazetari palestinar. Talde palestinarren operazio militar hau, artikulu hau idazteko unean oraindik indarrean dagoena, porrot mingotsa da erabateko segurtasunaren doktrina israeldarrarentzat, zeinak biztanleria palestinarra hesi zeharkaezinetan giltzapetu nahi duen, bizi-baldintza jasanezinak ezarriz. Gazako blokeoa, duela 17 urte baino gehiagotik dirauena, nazioarteko zuzenbideak debekatutako zigor kolektiboa da. Hots, lotsagarria da Israelentzat eta hori ahalbidetzen duten estatu guztientzat, Israelgo Estatuak herri palestinarrari ezarritako apartheid erregimenaren osagaietako bat baita. Eta lotsagarria da Europar Batasunak Israeli ematen dion babesa. Ezinezkoa da bakea ikuspegi politiko zuzenik gabe. Hau da, Israeli zigorrik jarri gabe (eta ez Palestinari) erregimen zapaltzailea amai dezan eta nazioarteko zuzenbidea eta NBEren ebazpenak bete ditzan (bereziki okupazioaren amaiera), kolonizazioak eta Palestinako herriaren eskubideen ukazioak indarrean jarraituko du. Erantzukizun nagusia urteetan bere operazio militarretan zibilak helburutzat izan dituen eta dituen Israelgo Estatuaren politika da