Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

Sortzaileen deia euskararen aurkako oldarraldia gelditzeko

Umorea, musika, literatura eta bertsolaritza nahastu zituen ekitaldian, hainbat euskal kultura sortzailek bat egin zuten, Iruñean, Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitutako mobilizazioarekin. Euskararen aurkako «olatu erreakzionarioa» gelditzea da helburua.

Kultura-sortzaileak Justizia jauregiaren atarian bildu ziren.
Kultura-sortzaileak Justizia jauregiaren atarian bildu ziren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kultura-sortzailez inguratuta, Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldia salatu eta azaroaren 4ko mobilizaziorako deia egin zuen Iruñean. Euskararen normalizazioaren aurka Hego Euskal Herriko sententziek sortutako kezkaren aurrean, Bilbon manifestazio nazionala egitera deitu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak.

«Bizirik gaude eta azaroaren 4ak hori izan behar du», adierazi zuen Idurre Eskisabelek. Bere hitzetan, «euskararen aurkako olatu erreakzionario bat» hedatzen ari da, «kezkagarria». Eta Duguna taldeko dantzariek egin zuten soka-dantza baliatuz, mobilizazioa «etorkizun oparoago baterako zubia izango den sokadantza» izan dadila eskatu zuen.

Duguna dantza taldeko dantzariek eta txistulariek hasiera emanda, umoretik ekin zioten ekitaldiari Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak. Euskararen aurkako «oldarraldi eta eraso guztiek oinarri bera» dutela esan zuten: «Zaila dela eta ezin dela exijitu». «Aitzakia merkea», laburbildu zuten.

LOTAN DAUDENAK ESNATU

Ibil Bedik “Lokatzarena” abestia ekarri zuen Justizia jauregi atarira. «Lokatzez gainezka etxea; ibaiak eztanda egin du; eta gurea zen ardura». Olaia Inziarte, berriz, “Astelehenetan” lanarekin batu zen ekimenera. «Badakidan arren astelehenetan bizitzeko gogoa izatea iraultzailea dela, ulertuko dut bakarrik egon nahi baduzu; nik ere hala nahi izaten dut».

Tartean Jose Luis Otamendi idazleak bere alea jarri zuen, “Hautua” poemarekin. «‘Ni’ bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz, bakarrean ezer gutxi naizen euskalduna da ‘ni’».

Sustrai Colinak, berriz, justizia linguistiko eta sozialari bota zion bertsoa: «Kultura da giharra, hizkuntza azala; nerekin datoz, noan tokira noala; lana eta gero biek zerbait hartu ahala; justizia linguistiko eta kulturala zer da, ez baldin bada justizia soziala?».

Amaiera Amets Arangurenen ahotsarekin jarri zioten, Arkaitz Miner musikariak eta Dugunako dantzariak lagunduta: «Katramiletan eta iskanbiletan sartzen banaute buruan. Hartu naute kaxerotzat, antidemokratikotzat. Txarrena ere ontzat ematen badu bortxak, ia gureak egin du. Beraz, zergatik isildu?».