GARA
MENDI LASTERKETAK

Ane Zabala eta Julen Martinez de Estibariz, Hiru Handien errege

Eguraldi bustia, 101 kilometro eta 10.125 metroko desnibel positiboa izan arren, horrek ez ditu ia 1.000 parte hartzaileak kikildu Murgiako irteeran.

Martinez de Estibariz, Araiako helmugan.
Martinez de Estibariz, Araiako helmugan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala korrikalari arabarrak nagusitu ziren atzo Hiru Handiak lasterketaren XXIII. edizioan. Eguraldi busti samarrak eta 101 kilometro aurretik izateak ez ezik, 10.125 metroko desnibel positiboa gainditu beharrak ere ez zituen kikildu Murgian gauerdian bildu diren ia 1.000 lasterkariak. Are, Julen Martinez de Estibarizek 2021ean lorturiko txapela berritu zuen honako honetan, eta duela bi urte baino ordu erdi gutxiago behar izan zuen Aizkorri, Gorbea eta Anbotoko gailurrak pasatu eta gero Araiako helmugara iristeko.

Korrikalari arabarrak azken 20 kilometroetan aurrera egin zuen bakarrik, ordura arteko 80 kilometroetan Salamancako Alvaro Ramos izan baitzuen lasterketa buruko lagun. Elkarri lagunduz eta erritmoa ezarriz, Hiru Handien lasterketaren lau bosten egin ahal izan zituzten, baina lasterkari gaztelarrak oinazpian zauri bat egin zuen, antza, eta zauri horrek eragindako minaren ondorioz erritmoa jaitsi behar izan zuen azken kilometro horietan, eta ezin izan zuen garaipena lortzeko borrokatu.

Hala, goizeko hamaikak jo aurretik bakarrik iritsi zen Julen Martinez de Estibariz Araiako helmugara, pozarren, 2021ean garaipena lortu ondoren baino sentsazio hobeak izan zituelako lasterketan barrena.

«Duela bi urte kendu nuen txapela lortzearen presio hori. Beraz, oraingo honetan nire egiazko asmoa denbora ahalik politena egitea izan da», adierazi zuen Hiru Handien irabazleak, helmugara heldu berritan. Izan ere, helburu biak betetzea lortu zuen arabarrak, duela bi urteko marka ordu erdiko aldeaz hautsi baitzuen Martinez de Estibarizek.

TXALO ARTEAN

Esan gabe doa korrikalariak helmugara banaka sartzen joan zirela gehienetan. Arazoak arazo, Alvaro Ramos Salamancako korrikalaria sailkatu zen bigarren, irabazlearengandik ia hamabi minutura. Hirugarren postuan, berriz, Araia bertako semea den Carlos Jimenez sailkatu zen, bere semea besoetan hartuta -«Aitatxo txapeldun» leloa idatzita zuen karteltxoa zeraman haurrak eskuetan- sartu zela helmugan, herritarren txalo zaparraden artean.

Eguerdiko 14.30ak aldera zeharkatu zuen helmuga aurreneko emakumeak: Ane Zabala arabarra izan zen bera, 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundoko denbora egin ostean, garaile. Emakumeen senior kategoriako garaikurra ez ezik, beteranoen kategoriako txapela ere berarentzat izan zen.

Horrez gain, larunbat goizeko zazpiak aldera, Anboton Hiru Handien parte hartzaile bat erreskatatu behar izan zuten Iurretako suhiltzaileek, Osakidetzaren Larrialdi zerbitzuek eta Ertzaintzaren helikoptero batek, lasterka zihoala erori eta sorbalda atera zitzaiolako korrikalari honi. Zorionez, onik erreskatatu zuten.