GARA
BAIONA

Euskoak 70.000 euroko emaitza ekarri die Ipar Euskal Herriko 44 elkarteri

Eusko Elkarteen Eguna antolatu zuten atzo Biarrizko Surfrider Foundation-en egoitzan. Euskoaren «%3ko emaitza» baliabideari esker, tokiko monetaren erabiltzaileek babesturiko Ipar Euskal Herriko 44 elkarteri 69.672 euro eman zaizkie orotara. Hamar urteren ondoren, kasik 4 milioi eusko eskutik eskura dabiltzala gogoratu zuten.

Atzo Biarritzen egindako Eusko Elkarteen Eguneko irudia.
Atzo Biarritzen egindako Eusko Elkarteen Eguneko irudia. (Patxi BELTZAIZ)

Europan gehien erabiltzen den diru osagarria da euskoa, euroaren pareko balioa duena. Ekimenak hamar urte bete ditu aurten, eta kasik 4 milioi eusko dabiltza eskutik eskura, 4.000 partikularren eta 1.300 profesionalen artean. Atzo beste marka bat hautsi zuen: Euskal Monetak 69.672 eusko eman zizkien tokiko diruaren erabiltzaileek babestutako 44 elkarteri.

2013. urtean lehen billeteak erabiltzen hasi zirenetik, birtualera ere jauzi egin zuen euskoak; 2017an Euskokartarekin, eta 2020an Euskopay aplikazioarenekin, hain zuzen ere. Kide diren norbanakoek balia dezakete, kide diren profesionalei ordainketak egiteko.

Horrela, atzo 30 bat elkartek parte hartu zuten Biarrizko Surfrider Foundation-en egoitzan egin zuten Eusko Elkarteen Egunean, elkarte mundua garatzen laguntzea helburu duen ekimenean. Gainera, antolatzaileen arabera, «mami baliosa eskaintzen zaie tokiko monetaren kide diren edo ez diren elkarteei».

Euskal Moneta elkartearen ustez, atzo iragarritako errekor berri horrek urtez urte berresten du «tokiko monetaren alde egitea eta hura erabiltzea lurraldearekiko elkartasun bide oso zehatza dela».

Izan ere, 2013az geroztik, «Euskoaren %3ko emaitza» baliabideari esker, 315.000 eusko baino gehiago eman ahal izan zaizkie 70 elkarteri. Horiek hainbat arlotan dihardute: ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura…

EUSKOAREN %3KO EMAITZA

Euskal Moneta elkarteak azaldu zuenez, %3ko emaitzaren sistema hau, Chiemgauer-eko tokiko moneta ezagutzeko Alemaniara egindako bidaiatik ekarri zuten. «Funtzionamendua arras sinplea da: tokiko diruaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren %3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok (eta ez kideak) elkarteari emaitza bat eginen dio urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen %3ren heinekoa izanen da. Beraz, 100 euro aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasoko ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro (euskotan, bistan da) emanen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari».

Emaitza honen hartzaileek txeke sinboliko bat jaso zuten atzo Biarritzen. Hartzaileen artean bi elkarte berri izan ziren: PAF (Pour une Alternative Féministe) eta Alda. Azken horrek sartze ohargarria egin zuen baliabide honetan, 750 eusko inguruko bilketarekin.

AEK izan zen hazkunde handiena izan duen elkartea: 2.531 eusko eskuratu ditu aurten, joan den urtean baino 863 eusko gehiago. Ihintz Olidenek, Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaileak, gogoratu zuen: «2022ko iraileko sartzean, Euskoren %3ko azaltzen zuten esku-orriak inprimatu eta banatu genizkien gure klase eta ikastaroetan izena eman zuten ikasleei. Iparraldean 13 Gau Eskola daude. Horri esker jakinarazi ahal izan genuen gu ere tokiko diruaren eragileetarik bat garela eta gu laguntzea posible dela, gure babesle bihurtuz».

«Aurten argibide horiek afixatu ditugu, eta berrikuntza da euskoz ordain daitekeela gure 13 Gau Eskoletan. Tokiko moneta gure lurraldea nabarmentzeko modu bat da gure ustez, hemen bertan bizitzea, baina, batez ere, Iparraldean euskara biziarazten laguntzeko akuilatzaileetarik bat da ere», gaineratu zuen.

Euskal Moneta elkarteko lehendakaria den Xebax Christyk zehaztu zuenez, «elkartasuna da Ipar Euskal Herriko tokiko diruaren balio nagusietarik bat, eta %3ko emaitza da horren adibidea. Sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestean, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da».