Jon GARMENDIA
Idazlea

Animaliak

Ikusten ditut merkatari zaharrak Rafahn, Gazako zerrendan, zoritxarra eta itxaropena elkartzen diren toki estu eta luze horretan. Tunelak lehertu zizkietenetik dena zailagoa izan da, orduan Egiptotik garraiatzen zituzten produktuak, isilpean, estraperloan, bezeroen gozagarri. Orain argia itzali diete, ur iturria agorrarazi, baina haien ofizioari heltzen diote bizitzari heltzen dioten une oro, irribarretsu. Espezie eta fruta saltzaileak poz gozoa zabaltzen du, gustuaren enbaxadore bat da; bere espezia exotikoek, usain mozkorgarriekin, urruneko lurraldeak dakartzate gogora, bidaia liluragarriak. Urrezko turmerika, piperrauts pikantea, kuminoa, kardamomoa, kurkumaren gozo mina. Nahasmenaren erdian lasaitasuna dario karrikari, aurkitu aterpea oasi efimero honetan, saldu eta erosi bizitzaren merkatuan. Saltzaile gazte bat agertu da oihal distiratsuekin eta bitxi perfektuekin, oinutsik dabil ahotsari askatasuna emanez, bere ortzadar oihalek dantza egiten dute haizearekin, zeta erakargarritik kotoi leun eta arineraino ehundutako istorio anitz daude, pieza bakoitza bizitzaren lekuko bat da, bitxi distiratsu bakoitza bezala, gau izartsuan perla argitsu bat.

Baina hau dena imajinazioaren kontua da, ez da existitzen; suntsitua izan da dena, suntsituak izan dira eskolak, lantegiak, etxebizitzak, irakasleak, erizainak, kazetariak eta haurrak. Mapatik ezabatu nahi dituzte, animaliak balira bezala, mapa berri bat marraztu nahi dute, animaliak balira bezala. Free Palestine.