GARA Euskal Herriko egunkaria

«Erreskate bat lehen aldiz barrutik bizitzeak poztasuna eta tristura sortzen ditu»

Cristina Campos Aita Mariko sorosle boluntarioarekin mintzatu da NAIZ Irratia. Joan den astean hasi zuten 11. misioa. 69 lagun salbatu eta Napolin porturatu ziren, baina handik joatera behartu zituzten.

Erreskate baten irudia. TSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA (I)

Gaur zortzi bere hamaikagarren misioari ekin zion Aita Mari ontziak, Burrianako portutik abiatuta. Ostegunean 69 pertsona erreskatatu zituzten, tartean zenbait adingabe. Hasieran Genovako portuan lehorreratzeko esan zieten, baina, bidaiaren distantziaz eta meteorologiaren arriskuez ohartuta, Napolin lehorreratzeko baimena eman zieten. Atzo portu italiarra uztera behartu zituzten.

«Halako gauza erraz batean ere higatzeko estrategia bat dago, zaborra eramateari uko eginda (derrigorrezkoa da) edota inongo beharrik gabe Sirakusa aldera ateratzea atzeratuz, orduz ordu eguraldia okertzen den bitartean», salatu zuten sare sozialetan.

Cristina Campos sorosle boluntarioa bertan zen, eta atzo goizean NAIZ Irratiarekin mintzatu zen. Tripulazioa «nekatuta» zegoela onartu zuen. «Ez da erraza fisikoki eta psikologikoki hain nekatuta dauden pertsona hauek guztiak ikustea». Hala ere, portu ziur bat lortu izana nabarmendu zuen. «Alde horretatik, pozik, ez zuen-eta zentzurik haien neke fisiko eta psikologiko hori gehiago luzatzeak». Lehorreratze hori «erlatiboki erraza» izan zela aipatu zuen.

Erreskate horiek nolakoak izan ziren ere gogora ekarri zuen Camposek. Bi txalupa zeuden itsasoan. Horietako batean 18 lagun zihoazen, eta bestean 51. «Kakotx artean, baina lasai zeuden, eta erreskatea egin zuen tripulazioa ere saiatu zen lasaitasun horri eusten. Berriz ere kakotx artean, baina arin egin ziren erreskateak».

Araudi berriarekin erreskate bakarra egin daiteke misio bakoitzeko. Napolin gelditzea zen asmoa, mantentze lanak egiteko, baina igandean esan zieten atzo Napoli utzi behar zutela. Eguraldi txarra zetorren eta babesteko portu bat behar zuten.

«EMOZIO GEHIEGI»

Camposek lehen aldia zuen Aita Mari ontzian erreskate lanetarako boluntario gisa, eta «emozio gehiegi» izan zirela onartu zuen. «Gauza bat da sareetan edo telebistan edo irratian entzuten dena. Egia da gero eta gehiago hitz egiten dela honi buruz. Baina barrutik bizitzeak poztasuna eta aldi berean tristura sortzen ditu, ikusten duzunarengatik, pertsona horiek bizi izan dutenarengatik. Haien historia kontatzen dizutenean sentitzen duzu nolako zortea duzun».

Hori guztia zuzenean bizitzea «zaila» dela aipatu zuen boluntarioak. «Emozio pila dira. Baina hemen gaude haien alde egiteko, eta gure esku dagoena egiten dugu», adierazi zuen.