Alaia SIERRA
GASTEIZ
EUSKADI LITERATURA SARIAK

Berasategi aita-alabak, Billelabeitia, Izagirre eta Morellon dira saridunak

Maialen eta Joxe Mari Berasategi itzulpengintzan, Miren Billelabeitia euskarazko saiakeran, Ander Izagirre gaztelaniazko saiakeran eta Alejandro Morellon gaztelaniazko literaturan dira ezagutzeko geratzen ziren Euskadi Literatura saridunak. Besteak Joseba Larratxe, Patxi Zubizarreta eta Arantxa Urretabizkaia dira.

Berasategi aita-alabak, Billelabeitia, Izagirre eta pantailan Morellon, atzo Gasteizen    egindako prentsaurrekoan.
Berasategi aita-alabak, Billelabeitia, Izagirre eta pantailan Morellon, atzo Gasteizen egindako prentsaurrekoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, Miren Billelabeitia, Ander Izagirre eta Alejandro Morellon dira aurtengo gainerako Euskadi Literatura saridunak. Euskarazko literatura itzulpena, saiakera euskaraz, saiakera gaztelaniaz eta gaztelaniazko literatura kategorietan irabazi dute, hurrenez hurren.

Maialen eta Joxe Mari Berasategik Abdulrazak Gurnahren “Paradisua” itzulpenarengatik, Billelabeitiak “Norberak maite duena” saiakerarengatik, Izagirrek “Vuelta al país de Elkano” obrarengatik eta Morellonek “El peor escenario posible” lanarengatik jaso dute epaimahaien errekonozimendua.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak atzo saridunak ezagutzera emateko Gasteizen egindako aurkezpenean gogorarazi zuenez, Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe dira aurtengo beste Euskadi Literatura sarien irabazleak; joan den astean iragarri ziren. Euskarazko literatura, euskarazko haur eta gazte literatura eta ilustrazioa kategorietan nabarmendu dituzte sortzaile horien lanak.

Epaimahaiko kideentzat Alejandro Morellonen ‘El peor escenario posible’ (Fulgencio Pimentel) «irakurketa gozagarria» da. Epaimahaikideen hitzetan, «gogoeta egiten du, adimen handiz eta umore beltzaren dosi onekin, ezohikoarekin eta zoragarriarekin dugun harremanaz, egoera arrotz edo ustekabekoetara egokitzeko dugun gaitasunaz eta horrek bizirauten laguntzen digu, baina baita izaki apatiko ere bihurtzen gaitu».

Gaztelaniazko literatura saria eskertu zuen atzo Morellonek, sariketa honekin «ahalik eta egoera onena ahalbidetu duzuela» ospatuz. «Ilusioz hartu dut umore lotsagabea duen baina bakardadeaz, etorkizunaz eta gauden denboraz hitz egiten duen liburu batekin saritua izatea», laburtu zuen idazleak.

Alejandro Morellonek barru-barruko begirada pop bat zuzentzen dio tragediaren hurbiltasunari -mintza gaitezen hondamendi global batez edo izakiaren kataklismo intimoez- ipuin eta zorigaitzen bilduma labur eta zehatz honetan. Helburuan baino, helburu hori iragartzen duen hodei beltz hutsalaren egia irrigarrian interesatuta dago, eta Morellonek bere buruari galdetzen dio nola erreakzionatzen dugun desagertzeko aukeraren aurrean, eta zenbaterainoko idolatria, sineskeria eta tonbola dagoen ezerezaren aurkako gure borroka desesperatuan. Dagoeneko hemen dagoen ezerezean.

Maialen Berasategi Catalanek eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzak itzulpengintzako saria irabazi dute Abdulrazak Gurnahren “Paradisua” (Elkar) euskaratzeagatik. Epaimahaikideen iritziz, itzultzaileek «irakurketa gozoko testua» lortu dute, «itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta» eta «euskara zehatza eta aberatsa» erabilita.

Maialen Berasategik atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen Jokin Zaitegi bekaren fruitua da itzulpena, «bestela ez genuke Gurnahren lan bat euskaraz izango». Gainera, itzulpengintzak askotan bi esku baino gehiago behar dituela argitu zuen: «Ez dugu inoiz bakarrik lan egiten».

“Paradisua” eleberrian osaba Azizekin bidaian joan behar duen Yusufek ez daki arabiar hori ez dela bere osaba, baizik eta merkatari aberats bat, eta harekin daukan zorra kitatzeko saldu duela aitak. Hor hasten da eleberria, Yusuf Afrikako hainbat bazter ezagutzera eramango duena, XX. mendearen hasiera horretan europarrek menpean harturiko lurraldeak zein zurien berri ez daukaten baso eta oihanak.

Txango fisikoarekin batera, haurtzarotik helduarora eramango duen ibilbidea ere egingo du Yusufek, eta hor ezagutuko ditu adiskidetasuna eta leialtasuna, gizarte nahasi bateko bidegabekeriak eta ankerkeriak, baita maitasunaren inguruko sentipen lausoak ere. Iniziazio nobela eta epopeia historiko gisa definitzen dute itzultzaileek, «idazle bikain baten idazkera jori bezain argi, ñabar eta dotoreaz emana».

Euskarazko saiakeraren alorrean, epaimahaiaren iritziz, Miren Billelabeitiaren ‘Norberak maite duena’ (Pamiela) liburuak «irakurketaren plazera eta garrantzia defendatzen ditu, eta, metodologia dialogikoaren bitartez, klasikoak eguneko gaietara eramatea, gazteekiko hartu-emana izatea eta irakurle gazteen arreta piztea proposatzen du», «testu biribil» batean.

Atzo Miren Billelabeitiak bere ikasleei eskertu zien saria, «haiek barik ez zelako posible izango eta eurengandik asko ikasi dut». Elikatutako irakurketa gabe hizkuntzarik ez dela nabarmendu zuen, eta «egunero ez bada, noizbehinka» irakurtzera eta gogoeta egitera deitu zuen.

Honela laburtzen du Billelabeitiak saria merezi izan duen lanak jasotzen duena: «Ez da teoria luzerik, urteetan ikasle eta gazteekin liburuen inguruko solasaldietan edan dudana baino. Liburuen irakurketatik ateratako emaitza da; zer eta nola irakurri dugun, zein iradokizun sorrarazi diguten irakurketek. Irakurketak irakurle gazteengan, nerabeengan sortzen dituen kezka, iritzi eta gogoetaren adibidea ere bada hemen. Idazlan batzuen ondoko gogoetek eragindako aurrera pausoak ikus daitezke, eta agian, ez dagoela liburu zailegirik, elkartean eta kidegoan irakurriz gero, liburuek eragindako iradokizun eta uste sakonak elkarren artean jartzen badira».

Ander Izagirrerentzat Euskadi Literatura sari bat irabazten duen bigarren aldia da, oraingoan “Vuelta al país de Elkano” (Libros del K.O.) gaztelaniazko saiakerarekin. Epaimahaiko kideek uste dute «ikerketa historikoaren zorroztasuna hizkera zabar eta umoretsuarekin konbinatzen» duela autoreak idazketan, eta «obra irakurtzen duenari pertsonaiak eta gorabehera historikoak hurbiltzen dizkion» lana dela.

Normalean beste herrialde batzuetan egiten dituen bidaia-kronika dela argi utzi zuen atzo Izagirrek, baina «nire etxetik» egindakoa. Ariketa hori zaila izan dela onartu duen arren, «euskal kultura itxia eta gotortua delako ideiaren kontrako gauza asko» ikasi zituela esan zuen. «Gizarteek aurrera egiten dute nahasten direnean eta ixten ez direnean», adierazi zuen; «ideia hori egokia zen XVI. mendean eta jarraitzen du izaten gaur egun ere».

Magallaesen eta Elkanoren espedizioaren 500. urteurrena dela eta, Getariatik irten eta Getariara itzultzen da Izagirre bere liburuan, euskaldunen herriari buelta geografiko, historiko eta mentala ematera. Bizikletaz egiten duen itzuliaren kontakizunek munduari egindako lehen itzulian parte hartu zuen euskal gizartearen eta gaur egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak erakusten dituzte.

Bidaien kronika, abenturen narrazioa, erakusketa historikoa eta saiakera sotila nahasiz, Izagirrek zalantzan jartzen du euskaldun menderaezin, garbi eta esentzietan sartuaren mitoa: «Estanpa batean sinplifikatu behar badira, euskaldunak ez ziren izan, hain zuzen ere, nekazari isolatuen herri bat, nabigatzaile promiskuoen herri bat baizik».

Datorren azaroaren 15ean jasoko dituzte sariak zazpi sortzaileek Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo den ekitaldian; Zupiria sailburuaren hitzetan, «irakurzaletasuna sustatu eta zabaltzeko eta irakurleei aukera berriak emateko» helburuarekin.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu urtero. Aurten sari bakoitzak 18.000 euro izango ditu, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.