Iraitz MATEO
TOLOSA

Eskakizun argia: Estatu espainolaren biolentziaren biktimak aitortzea

Igandean 40 urte bete ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta erail zituztela. Gazte tolosarrak oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Benta Haundi auzoan. Han, Estatu espainolari aitortza eskatu zioten, eta azken urteetan euskal jendarteak bizikidetzaren bidean egindako lana nabarmendu zuten.

Lasa eta Zabala Tolosako Benta Haundi auzoan gogoratu zituzten atzo iluntzean.
Lasa eta Zabala Tolosako Benta Haundi auzoan gogoratu zituzten atzo iluntzean. (Jon URBE | FOKU)

Joxean Lasa eta Joxi Zabala oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo iluntzean Tolosako Benta Haundi auzoan, ‘EgiariGALde’ dinamikaren barruan. Igandean bete baitziren 40 urte gazte tolosarrak bahitu, torturatu eta erail zituztela. Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak dei egin zien Estatu espainolari eta haren erakundeei beraien biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzera. Eta era berean, euskal jendarteak azken hamarkadan bakearen eta bizikidetzaren arloan egindako lana txalotu zuen.

Arratsaldeko zazpiak jo aurretik beteta zegoen Benta Haundiko oroigarriaren ingurua. Han izan ziren politikariak, lagunak eta senideak, haien artean Joxi Zabalaren ama bera, aski hunkiturik. Aurreskuaren osteko herritarren lore eskaintzaren eta Aitor Mendiluzeren bertsoen ondotik hitza hartu zuen Altunak. Gogoratu zuen jada 40 urte direla Lasa eta Zabala «indarrez» eraman zituztenetik, eta haien memoria gogoratzea beti izan dela «lehen mailako eginkizuna». Altunaren arabera, «Herri honen egia ere badelako beraiek gogoratzea».

EUSKAL JENDARTEA AURRERA

Estatu espainolak euskal herritarren aurka erabilitako bortizkeria salatu zuen, eta Joxi eta Joxeanekin batera beste ehunka herritarrek «estatu indarkeriaren biktimen zerrenda» osatzen dutela gaineratu zuen. Azken hamarkadan euskal jendarteak «asko aurreratu» duela nabarmendu zuen, bakearen eta elkarbizitzaren bidean: «Ezker abertzaleak ere bere osotasunean urrats sendoak eta zintzoak egin ditu, gure herriak estatuekin duen gatazka politikoaren testuinguruan sorturiko min eta sufrikarioak aitortzeko eta arintzeko helburuarekin».

Estatu espainolean badira inpunitatearen jabe sentitzen direnak, Altunaren iritziz: «Ez bakarrik erabilitako indarkeria ukatzen dutelako, oraindik larriagoa dena, bortxaketa hori ontzat ematen dutenak eta zuritzen dutenak direlako».

Joan den astean Busotetik egin bezala, eskakizun zehatz bat bota zuen Sortuko ordezkariak: «Dei egiten diogu Estatu espainolari behingoz onartu ditzala bere indarkeriaren ondorioz eragindako biktima guzti-guztiak, aspalditik euskal jendarteak behar duen urratsa delako». Eta gaineratu zuen ezinbesteko urratsa litzatekeela Euskal Herrian bestelako agertoki bat sortze aldera, nazioarteko hainbat eragilek eskatu eta aldarrikatu duten moduan.

ALGARROBOAREN GAITASUNA

Altunak gogora ekarri zuen pasatu den astean Lasaren eta Zabalaren senideekin batera Alacantera egindako bidaia. Han zuhaitz bat landatu zuten, algarroboa hain zuzen ere: «Algarroboak gaitasun bat du, lur eremu lehorretan bizitza sortzeko gaitasuna, itxaropen berri bat sortzekoa».

Etorkizunera begira, lanean jarraitzeko dei eginez amaitu zuen hitzartzea Altunak: «Jarrai dezagun etorkizun berri bat eraikitzen. Joxi eta Joxean Euskal Herriaren askatasunaren alde engaiatu ziren moduan, jarrai dezagun haien bidean aurrera egiten».

LAKUAREN AITORTZA

Urriaren 31n memoria eta erreparaziorako ekitaldi batera deitu du Lakuako Gobernuak. Aurten aitortutako biktimen txostenaren aurkezpena eta 66 kasu aintzakotzat hartuko ditu. Pili Zabalak, Joxiren arrebak, azken egunetan azaldu duen bezala, Zabalaren senideek aitortza hori jasoko dute. Joxean Lasaren kasuan, aldiz, geroago egin zioten Lakuari aitortza eskaria, eta horrenbestez, prozesuan badago ere, datorren urteko txostenean argitaratzea espero dute.