Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Gezurpean senidetuta

Japonian izan da EAEko lehendakaria, eta horrelako txangoetan ezinbestekoa bihurtuta dagoen Hiroshimarako bisitaldia ez du huts egin. Han esan eta entzundakoaren inguruan hedabideek helarazi digutena erresalbuz hartu beharko dugu. Baina ezbairik gabekoa da Hiroshimaren eta Gernikaren arteko kidetasuna aipatu ez ezik hitzarmenez berretsi duela, zuhaitzen joan-etorriez gaindi. Ez dago gaizki. Hiroshimak eta Gernikak dituzten elkarrekiko kidetasun (airetik bonbardatuta suntsituak izatea XX. mendearen lehen erdian, zortzi urteko aldeaz) eta desberdintasun (erasotzailearen teknologia eta eskala, batik bat) ugarien artean, haatik, bada bat ia inoiz aipatzen ez dena. Eta beti gogoan izan behar genukeena, guk behintzat: biek ala biek gezurraren «bonbapean» jarraitu dute suntsimenduaren ondoren ere.

Gurearen kasuan, sarraskiaren egiletzaren inguruko «bonbardaketa» jarraitu hits hori amaituta dagoela esan liteke, egile materialak berak ere aitortu zuenetik. Antolatzaileak, ordea, ez du oraindik argi eta garbi onartu bere erantzukizuna. Ez du etsitzen triskantzaren zenbatekoa gutxiesten. Bestelako biktima batzuei buruz ematen dituzten lezioak nola hartu behar ditugun jakin dezagun edo.

Hiroshimakoa beste eskala batekoa da, horretan ere. Basakeriaren egilea ez zen, ez da belaunikarazia izan. Eta haren gezurra, egia bailitzan har dezagun irmo jarraitzen du. Gezurra, eta gaiztoa gainera, baita Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoak gerra amaitzearren bota zirela ere. Dokumentazioa eskuan, hori sostengatuko duen historialari seriorik ez dago jada. Gerra amaituta baina amaitutzat eman gabe zegoelako botarazi zituen bi bonba haiek XX. mendeko munstroen galerian «ohorezko» lekuan jarri behar den H. Trumanek. Etorkizunera begira, ez noski iraganera.

Haren oinordeko zuzenak kapaz dira oraindik besteoi «argitasun morala» eskatzen aritzeko. Baina guk behintzat jakin behar genuke biktimekiko begirunea, errespetua, egiaren gainean baino ezin dela eraiki. Egiarik gabe, iseka, trufa delako edozein antzezpen.