GARA
DONOSTIA

Hezkuntza Legearen aurkako mobilizazioa babestu du Ehigek

«Herritar guztiei kalitatezko hezkuntza, kohesionatua, laikoa, eta euskalduna eskaintzeko baliabide guztiak» izango dituen hezkuntza sistema bat defendatu du Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak.

Hori dela eta, hilaren 29an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, EAEko Hezkuntza Lege berriaren proiektuak ez baitu eskola publikoa lehenesten, erakunde horren ustez.

Ehigek atzo ohar batean salatu zuenez, Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den lege proiektuak «hezkuntza sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duen tresnetako bat».

Publikoak behar dituen baliabideak pribatuetara bideratzen ari direla, publikoaren perimetroa gainditzeko asmorik ez dagoela, euskararen erabilera eta ezagutzaren bermearen kasuan ere «aurrerapausorik ez» dagoela eta parte hartzean eta autonomian ez duela aurrera egiten salatu dute.

Horregatik guztiagatik, Donostian deituta dagoen manifestaziora joateko beharra nabarmendu zuten. Urriaren 29an izango da, igandez, eta Boulevardetik abiatuko da 12.30ean. Aurretik aurpegi margoketa, eskulanak, buruhandien erakusketa eta ‘Gora Bihotzak!’ antzerki musikatua eskainiko dira, goizeko 10.00etatik aurrera.