OIHANA AZKUE
DONOSTIA
Interview
GORKA HERMOSA ETA GARIKOITZ MENDIZABAL
Musikariak

«Klasikoan, jazzean eta folkean mugitzen gara, baina ez gara ez bata ez bestea»

«Sustraien matxinada» lana plazaratu dute Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek. Akordeoiarekin eta txistuarekin herri musikaren mugak hautsi eta abangoardiako doinuak jaso dituzte diskoan, musika klasikoa oinarri, jazz eta folklore zertzeladez margoturik.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

«Sustraien matxinada» izena jarri diozue elkarlanean egin duzuen diskoari. Sustraiak, erroak iraultzen direnean, adarrak ere askeago luzatzen dira, batek daki ze norabidetan, noraino... Disko honek horretatik asko du.

GORKA HERMOSA: Uste dut, bai txistua eta bai akordeoia euskal tradizioan oso errotuta dauden bi instrumentu direla, baina, bai Gari eta baita ni ere, bizitzak bestelako toki batzuetatik eraman gaitu. Biok batera disko hau egitea pentsatu genuenean, izenburu hau oso aproposa iruditu zitzaigun, zeren batek bi instrumentu hauetan pentsatzean espero dezakeenari itzuli bat eman diogu.

GARIKOITZ MENDIZABAL: Gorkak ondo esan duen bezala, biok badugu barruan egonezin puntu bat, gauza berriak arakatzeko gogo bat, nahi bat, desio bat. Erroetatik abiatu gara, baina horren errudun nagusia (zentzurik onenean) Gorka da. Musika berea da, berak proposatu ditu nondik norakoak. Eta nire ahalegina aurkeztutako erronka ederrak txisturatzea izan da.

Sustraiak, adarrak, baina hori guztia etor dadin hazia erein behar da... Nora jo behar dugu denboran, Garikoitz, noiz topo egin zenuten lehenengoz Gorkak eta zuk?

G.M.: Nik banuen ohitura akordeoiarekin batera jotzeko, Aitor Furundarenarekin (kasik anaiatzat dut) urte luzez jo izan dut eta. Baina Gorkaren musika eta ibilbidea beti izan ditut oso presente, eta duela bost-sei urte adierazi nion banuela gogoa berarekin zerbait egiteko. Gure agendek utzi digutenean jarri gara lanean.

G.H.: Nik, txistua ezagutzen hasi nintzenean, berehala izan nuen Gariren musikaren berri, erreferentzia delako txistuaren munduan. Ikusten nuen jainko bat bezala, euskal musikagintzako izen handi bat delako. Nik neure bizitza egin dut, ibilbide desberdina izan da nirea. Horregatik, Euskal Herrira itzuli naizenean, ideia oso desberdinekin itzuli naiz. Baina ideia horiek eduki eta horrelako pertsonaia batekin topo egitea, sekulako luxua da. Izan genuen proiektu batzuetan kointziditzeko aukera, eta rollo ona izan dugu hasieratik. Horregatik, duela hiru bat urte agendak koadratzea lortu genuenean, Bilboko Euskalduna Jauregian eman genuen gure lehen kontzertua. Hortik abiatuta, Gari aipatzen hasi zen zerbait grabatu behar genuela. Nik, ordea, esan nion ez nuela gogo handirik beste disko bat grabatzeko, dagoeneko banituela 12 grabatuta, berak ere beste horrenbeste; eta egun diskoak apenas saltzen direnez, egitekotan orain arte egindako diskorik onena beharko zuela izan, ez baitu zentzurik zerbait grabatzea, grabatzeagatik. Eta esan zidan: «Pentsa ezak, eta esadak!». Beraz hasi nintzen buruari bueltaka, eta beti idoloak dituzu buruan… Baxu eta bateria bat nahi nituen, guk hemen euskal musikari eman nahi genion bira hori; bere garaian, flamenko eta jazzarekin egin zuten Carles Benavent eta Tino di Geraldo etorri zitzaizkidan burura. Flamenkoari eman zioten irauliaz gainera, izen handiekin jo dute: Chick Corea, Miles Davis... Kointziditu zuen Santanderrera etorri zirela jotzera (han bizi naiz ni), eta elkarren lagun batek aurkeztu gintuen. Garagardo batzuen bueltan, aipatu nien gure nahia. Hasiera batean harriduraz hartu zuten, akordeoiarekin eta txistuarekin egin nahi genuelako. Baina gure lana bidaltzeko esan ziguten. Egiten genuena entzundakoan, berehala eman ziguten baiezkoa, eta etorri eta diskoa grabatu dute gurekin.

Ezagun ez dituenarentzat, nor da Benavent eta zein da Di Geraldo?

G.H.: Tipo oso bereziak dira: kalean ikasi dute, autodidaktak izan dira, eta figura handienekin jotzen amaitu dute, Camaron eta Paco de Luciarekin, esate baterako. Eurak hasi aurretik, flamenkoa gitarraz bakarrik jotzen zen, eta asko jota txaloez laguntzen zen. Hauek iritsi zirenean izan zen lehen aldia baxua eta bateria ere flamenkoan sartzen zirela, eta horrek ekarri zuen musika mota honen nazioartekotzea, neurri handi batean. Chick Corea, Electric Band edo Miles Davisek, garai hartan jazz munduan punta-puntan zebiltzan musikariek ere jo zuten beraiengana, erabat harrituta zeudelako hauek egiteko gai zirenarekin. Eta izugarria zen, zeren, adibidez, Chick Coreak partiturak pasatzen zizkien, eta beraiek larrituta, ez baitzekiten partiturak irakurtzen. «Bueno, bada, egin nahi duzuna; soltatu eta egin sentitzen duzuna», izan zen amerikarraren erantzuna. Musika oso intuitibotik datorren jendea da, eta bukatu dute goi mailako musikariekin jotzen. Eta nik uste, disko hau ere, ez dakit ona ala txarra baina, bitxia badela: txistua, akordeoia eta bi jeinu hauek gehituta, hor geratuko da betiko.

Nolakoak izan ziren grabaketa egunak eta bi mito hauekin bizitzea?

G.M.: Bost egun izan ziren, oso intentsuak Kantabriako etxe batean lehenengo, eta gero estudioan. Ordu asko eman genituen entsaeatzen, eta oso aberatsa izan zen. Baita arlo humanoan ere.

G.H.: Landetxe batean egon ginen, errota zahar batean, kristoren tokia; haiek ere harriturik geratu ziren, sekula ez zirelako halako paraje batean egon. Toki oso berezia zen, eta horrek ematen zion halako ukitu magiko bat. Hiru egun genituen entseatzeko, eta bi grabaketetarako. Denok batera joz, mikrofono aurrean paratu ginen, eta abesti guztiak lehenengo edo bigarren tomak izan dira. Akats txikiak badaude, baina hala utzi nahi izan ditugu, freskotasuna ematen diotelako emaitzari.

Diskoak hamaika pieza jasotzen ditu, denak Gorka Hermosaren konposizioak. Nola egin duzue hautaketa?

G.H.: Kantu berriak, grabatu gabe nituenak, sartu nahi izan ditut, eta badaude zaharragoak diren batzuk ere, Garik oso gustuko dituenak. ‘‘Paco’’, esate baterako; Paco de Luciari eskainitako kantua izaki eta bi fenomeno hauek lagun genituenez, sartu beharra zegoen. Eta baita ‘‘Zelaia’’ izeneko fandangoa ere, Enrike Zelaiari eskainitakoa, Garik izugarri maite duelako. Beste guztiak azken hiru-lau urteetan egin ditudan konposaketak dira.

Garikoitz, hautaketarekin gustura?

G.M.: Bai, bai, oso gustura. Binomio bat gara eta elkarrekin lan egiten dugu, baina musikaren zama handiena Gorkak darama, eta zama propositiboa ere berea da. Nik txistura ekarri ditut partitura batzuk, eta gutxi gehiago. Musikaren ardura eta ohorea bereak dira.

G.H.: Oso apala da! Pentsa, nik konposatzen dudanean, beti daukat buruan biolin bat edo flauta bat; hori txistura ekartzea eta jotzea ez da zaila, miraria da! Melodia hauei eman dien buelta pasada bat da, eta txistuak lan honi ematen dion sustrai eta egiazkotasun puntua izugarria, sekulakoa da. Izan ere, txistuak herri musikara garamatza, baina hau ez da herri musika; orduan, ematen dio egundoko sustraia.

Garikoitz, zein izan da zuretzat erronka nagusia?

G.M.: Erronka nagusia da paperean jasota dagoen hori txistura ekartzea modu duin batean. Zailena lehenengo urrats hori izan da, moldaketak egitea, konposizioak txistura ekartzeko, nola egin txistuarekin modu solte batean jo eta entzungarri egiteko. Gainerakoan, musika ona da, eta nik ez dut pentsatzen txistulari tradizional bezala, musikari bezala baizik. Eta musikari baten ikuspuntutik, musika egitea da, bere dinamikarekin, bere direkzionalitatearekin, kontrasteekin, betiere afinazioa zainduta. Musika ona denean ona da. Eta Gorkaren musikak zigilu propioa du.

Musika ona denean ona da, baina gero etiketak datoz. Zuenak badu etiketa jakinik?

G.H.: Ni Extremadurakoen semea naiz, Goierrin jaio eta hazitakoa. Akordeoia jotzen hasi nintzen, baina nire irakasleak ez zidan uzten musika herrikoia jotzen. Gerora, musika klasikoko lehiaketa ugari irabazi nituenean, punka jotzen hasi nintzen, gero teknoa, herri musika desberdinak jotzen ere hasi nintzen: fadoak, tangoa, flamenkoa… Ibilbide horren ondoren, zer hobea berriz ere Euskal Herriko musikara itzultzea baino. Uste dut egiten duguna musika klasikoa dela, baina baduela jazz ukitu bat, eta folk ukitu bat ere bai. Nik uste hiru puntu horien artean mugitzen garela, baina ez garela, ez bata ez bestea, ezta kontrakoa ere, eta hori dela gure indar puntua.

Garikoitz, bestelakoan, zertan zabiltza, beste proiekturik badarabilzu esku artean?

G.M.: Datorren urtean Josu Okiñenarekin zerbait grabatzekotan gara. Eta, bide batez, zain Alberto Urretxoren ‘‘Soinuaren bidaia’’-rekin ere zer ateratzen den. Bakarlari gisa ere baditut emanaldiak orkestra sinfoniko eta musika bandekin.

Ez dakit Gorkari zertan dabilen galdetu behar niokeen, edo zerekin amesten duen, zeren ametsak egiteko duen gaitasunarekin, auskalo zerekin datorkigun... Disko hau amets bat bazen, beste horrenbeste izango zelako udaberri honetan Berlinen eskainitako emanaldiak gauzatzea ere…

G.H.: Hori amets bat baino gehiago izan da. Sekula ez nuen imajinatuko. Maiatzean, Berlinen, hango filarmonikan nire obra bat estreinatzeko aukera izan nuen, eta baita Brandenburgoko atean bi egunetan kontzertuak ematekoa ere. Flipada bat izan zen, han sartu eta pentsatzea: “Buaaa... hau jotzen utzi behar didate? Pasada bat izan zen. Eta bada amets hori baino ere handiagoa den gauza bakar bat. Izan ere, esan didate oso gustura geratu direla, eta datorren maiatzean berriz itzultzeko. Beraz, hurrengo maiatzerako beste pieza bat konposatuko dut, han egiten den bakearen aldeko jaialdirako.