GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren disforiak


Behin, salmenta izugarri bikainak izaten ari ginela (Latzen taldearenak), lankideak erotzear zeudela, esaldi bat bota nien Durangoko Azokan: «Pozik bai, baina euforiarik gabe». Aldiro-aldiro aurpegiratzen didate, edo gogoratu une aproposenetan. Zera da euforia: zeharo baikorra den aldartea, errealitatera egokitzen ez den izugarrizko poz bizia. Euforiaren antonimoa disforia da: zeharo ezkorra den aldartea, errealitatera egokitzen ez den izugarrizko tristura, antsietatea eta suminkortasun bizia.

Adibideek nonbait egingo dute laprast, baina hor doaz. Lekeitioko Etsaiak taldeko Auo eta Txapel euforiaren baldean sartu zituzten, antza, txikitan. Egiten duten guzti-guztia goitartasunaren mugatik gertu dago, beti aitortuko dute sekulako kantua egin dutela, eta ez zaie inoiz aurpegia gorritu. Baikortasunaren anaia bikiak dira biak ala biak. Disforia zale zen Psicosis taldeko kantaria, arras ezkorra, gutxitan baikor.

Kontzertuek, azken hamarkadetan duten batez besteko itxura kontuan hartuta, bi euforia dituzte: kantariak gezurrezko lehen bukaeraren berri ematen duenean lehen bozkariozko euforia dator entzulearentzat, eta, ondoren, beste hiru abestiko txandan taldeak biziko du berebiziko euforiaren gailurra, estasiak hartuta uzteko ikusle errenditua. Disforiarako tarteak hurrengo baterako gorde, poza disfrutatzeko. “Edan eta ahaztu” esango luke disforian dagoenak. Euforiaren ostean dator disforiaren ekaitz mingotsa, edo usu.