GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

«Realak goian egon nahi duen taldea izan behar du»

Lehiaketaren exijentziak helburuak garestitzen ditu, baina ezin du txuri-urdinen anbizioa epeldu, Garbiñe Etxeberriaren ustez. Emaitzez gainera, Kirol Zuzendariak Realaren proiektuaren etengabeko hazkundea nabarmendu du.

Garbiñe Etxeberria, Zubietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Athleticen kontrako partida aitzakiatzat hartuta, komunikabideek Garbiñe Etxeberriarekin hitz egiteko aukera izan dute. Eta Lezamako derbiari ez zaio lekurik falta izan. Baina Kirol Zuzendariak baino hobeto Reala inork ezagutzen ez duenez, protagonismoa kendu diote gaurkotasun hutsari txuri-urdinen egoerak, asmoek eta proiektuak.

Azken honi dagokionez, emaitzen tiraniaren aurrean «beste gauza asko» daudela nabarmendu du. «Nazioarteko selekzioetan zenbat jokalari ditugun, hazkundea, harrobia…». Era berean, emaitzak aurreratzea oso zaila da «denboraldiak desberdinak direlako, uneak, jokalariak, aurkariak...». Oinarriak ez du zalantzarik uzten: «Beti nahi dugu goiko postuetatik hurbil egotea, borroka horretan. Zaila da, baina hori da gure funtsa, galdu ezin duguna, urtez urte hazten jarraitzea eta gure lanaren sinesgarritasuna».

Lan horren isla dira harrobiaren hazkundea edota etxekoak lehen taldean edukitzen ari diren presentzia. Ez da kasualitatea Nahia Apariciok eta Elene Vilesek minutu dezente jokatu izana. «Aurreko lanaren ondorioa da. Taldea antolatzeko garaian bistaratu genuen zer datorren atzetik, zer behar dugun, aterik ez ixtea… Lehen Mailara heltzea gauza bat da, eta mantentzea beste bat; baina oso ondo daudela iruditzen zait. Ez genuen zalantzarik baina gero erakutsi egin behar da. Eta ezin dugu ahaztu Haizea Urangak debuta egin zuela Bartzelonan eta partida hori zortzi gipuzkoarrekin amaitu genuela. Ez dakit etorkizuna horrelakoa izango den, baina gaur pozik gaude», esan du.

Etorkizunera begira, alegia, harrobiko lanean sakondu du Realak. «Sei urtetan hiru talde sortu ditugu. Aurten, kadete mailakoa. Sinestezina iruditzen zait -onartu du Kirol Zuzendariak-. Gainera, bigarren eta hirugarren taldeak maila berrira igo dira».

Urrats guzti horien ondorioak kanpoan ere ikusten dira. Zubietan eginak edo bertan aritutakoak, asko dira kamiseta txuri-urdina jantzi duten jokalariak dituzten goi mailako taldeak. «Ikustekoa da zenbat jende irten den eta Lehen Mailan segitzen duen. Vila-Realeko kapitaina Soldevila, Atleticon Moraza edo Gaby… Zenbat lan dago horren atzean, egindako lan baten ondorioa da», adierazi du.

DERBI INTERESGARRIA

Jokalari ohi dezente Lezaman izango ditu aurrean Realak. Partida «berezia, Euskal Herriko emakumezkoen futbolean bi talde liderrak izan garelako. Gehiegi disfrutatzen ez dudan partida da, beti tentsioan zaudelako. Baina gogoa dut. Eta interesgarria izango delakoan nago, bi talde on direlako, egun estilo hain desberdina ez dutenak, eta jokalariek gogotsu ekiten diotelako».

Partida ez da inorentzat erraza izango, baina gaur egun hori ez da bakarrik derbian gertatzen, «talde guztiak maila altuan gaude-eta. Ez da bakarrik 90 minututan onena eman behar duzula, baizik eta astean zehar ere bistaratu behar duzu, ondo landu… Igandekoarekin ere gauza bera egin behar dugu», eta, behin zelairatuta, oso garrantzitsua izango da «nola sartzen garen, hasierako minutuetan zein sentsazio ditugun, nagusitzen garen, beldurtzen ditugun... Hasierako minutuen kudeaketan egon daiteke gakoa».

HOBERANTZ

Realak ez du oraindik punturik lortu etxetik kanpo. Izan ere, Granadan galduz hasiera eman zion Ligari. Neurketak gorputzaldi txarra utzi zien donostiarrei. Aurkaria «igo berria zela ikusi eta iruditzen zaizu erraza izango dela. Uste dut denoi gertatu zitzaigula nahi gabe. Eta inoiz ezin da ahaztu partida jokatu behar dela, aurkaria ona dela eta errespetua eduki behar zaiola».

Lezioa ikasu dute gipuzkoarrek, eta harrezkero «taldea pixkanaka bere bidea egiten ari da». Abiapuntu horretatik, «iaz egin genuena hobetu behar» dela uste du Etxeberriak. «Beti nire posiziotik hitz egiten dut: teoria. Gero errealitateak gure lekuan jarriko gaitu. Hala eta guztiz, goian egon nahi duen taldea izan behar dugu -azpimarratu du-, gauza on asko dituen taldea garelako, liga honetan izena duen kluba. Hemezortzi urte daramatzagu Lehen Mailan. Zenbaki horiek ez dizkizute emaitzak emango, noski, baina jokalariei helarazi behar diegu zer den Reala, zer den Realean egotea, eta Reala goian egon dadin nahi dugula».