GARA
ESTRASBURGO

Ingurune digitalean hizkuntza aniztasuna bermatzeko eskaria

Puntueus Fundazioak, sortu zenetik, presente izan du mundu digitalean euskarak aurrera urratsak ematea. Atzo Europako Legebiltzarrean izan zen fundazioko lehendakari Josu Waliño, eta inguru digitalean hizkuntza aniztasuna berma dadin eskatu zuen.

Puntueus Fundazioa Estrasburgon izan zen.
Puntueus Fundazioa Estrasburgon izan zen. (Marisol RAMIREZ)

Europako Legebiltzarrean egin zuen agerraldia Puntueus Fundazioak, industria teknologiko handiek Europako hizkuntza aniztasunari «ezikusiarena» egiten diotela salatzeko. Euskarak interneten, eta batez ere, Google tresnetan eta zerbitzuetan duen egoera aurkeztu zuen fundazioak Estrasburgoko Ganberako hizkuntza gutxituen lan taldean.

Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak bisita egin zuen Estrasburgora, euskarari internetek jartzen dizkion mugak azaltzeko. Joan den uztailean azaldu bezala, zuzendariak Google bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen duela azaldu zuen. Udan hizkuntza komunitateak egindako salaketen ondorioz, Googlek bere bilaketa motorraren algoritmoa eguneratu eta egoera «zuzendu» zuen. Baina Waliñok Europako Legebiltzarrean salatu zuenez, Googlek euskara baztertzen jarraitzen du eskaintzen dituen beste zenbait zerbitzutan, hala nola Google Ads, Google Chrome edo Google Advanced Search zerbitzuetan.

«Googlek bere bilaketa algoritmoa eguneratu baldin badu ere, oraindik, badira euskara baztertzen duten Googleren beste tresna eta zerbitzu batzuk, eta horiek ere gure hizkuntza sartu behar dute aukeren artean», adierazi zuen atzo egindako hitzartzean Puntueuseko zuzendariak.

Digitalizazioak gizartea eraldatzeko gaitasuna duela adierazi zuen Waliñok, eta hizkuntzen garapenari zuzenean eragiten ari zaiela: «Industria teknologikoko enpresa handiek ezarritako hizkuntza politikak munduko hizkuntza handienak indartu eta gainerakoak baztertzen ari dira». Gaineratu zuen inguru digitala «funtsezkoa» bihurtzen ari dela gizartearen eguneroko ekintzetan eta harremanetan: «Ezinbestekoa da plataforma digitalek Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea beren tresna eta zerbitzuetan, Europako kulturak eta hizkuntzak zaintzeko, garatzeko eta iraunarazteko».

GOOGLEREN DISKRIMINAZIOA

Pasatu den uztailean, Puntueusek euskarak bilatzailearen emaitzetan jasandako atzerapausoa salatu eta gero, Googlek bere algoritmoak aldatu zituen. Ondorioz, euskarazko web edukiaren ikusgarritasuna nabarmen hobetu zen Fundazioaren arabera.

Puntueusek arazoa detektatu zuenean egindako azterketaren arabera, Googlen bilaketa zerbitzuan euskara espainieraren mesedetan diskriminatzen zen. Aztertutako laginaren emaitzen erdia soilik agertzen zen euskaraz lehen tokian.

14.000 ERREGISTRATU

2012an aurkeztu zuten .EUS domeinuaren eskaria, eta ordutik Puntueusen misioa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da. Hori gauzatzeko .EUS domeinuaren zabalkundea sustatu eta transformazio digitaleko proiektu aurreratuak jartzen ditu abian. Une honetan, 14.000tik gora .EUS domeinu erregistratuta daude.