GARA Euskal Herriko egunkaria

Arrazoi politikoko gorroto-istiluak %40,7 murriztu dira

Erkorekak Gasteizko Legebiltzarrean adierazi zuen arrazoi politikoek eragindako gorroto-istiluek «argiki» behera egin dutela aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Gasteizko Legebiltzarrean Erkorekak eman zuen gorroto-istiluen inzidentzien berri. (Raul BOGAJO | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez, arrazoi «bereziki politiko edo ideologikoek» eragindako gorroto-istiluak «argi eta garbi» murriztu dira aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko datuekin alderatuta, hilean 2,7 gertakari izatetik 1,6 izatera igaro baitira jatorri horretako gorroto-istiluak, %40,7 gutxiago, hain zuzen ere.

Erkorekak datu horiek atzo eman zituen, PPk Gasteizko Legebiltzarrean atzo egindako kontrol saioan egin zuen galderari erantzunez. Carmelo Barrio legebiltzarkideak egin zuen galdera, zenbait ekintzaren prozesu judiziala nola zihoan galdetuz, eta gogorarazi zuen azken asteetan indarkeriazko ekintzak izan direla Euskal Herrian. Adibidetzat jarri zituen Gasteizen Fernando Buesaren hilobiari pinturarekin egindako erasoak, Eibarren buruzagi politikoen aurkako dianak agertu izana eta abiadura handiko trena (AHT) eraikitzeko makinak erre izana Errenterian.

Barriok Erkorekari eskatu zion azal zezala zer neurri hartuko dituen gertaera horiek argitzeko. Eta «biktimak zikintzen dituzten» edota «demokratak batzen gaituen sinboloen» aurka egiten diren erasoen egileak aurkitzeko hartuko dituen neurriak zeintzuk izango diren azaltzeko eskatu zion. Sailburuak azaldu zuen Buesaren hilobiaren aurkako erasoa hasieratik ari dela ikertzen Gasteizko Udaltzaingoa, hark duela «eskumena» kasu horretan, eta eginbideei buruzko datuak «laster» emango dituztela iragarri zuen Legebiltzarrean egindako agerraldian.

BUKATUTAKO ATESTATUAK

Halaber, jakinarazi zuenaren arabera, Ertzaintza Errenterian AHTaren azpiegitura eraikitzeko makineriaren aurkako erasoa ikertzen ari da, eta atestatua «laster» jarriko dute epailearen eskuetan.

Eibarren agertutako mehatxuzko pintaketen kasuan, polizia-eginbiderik ez dela ireki jakinarazi zuen, salaketarik ez delako erregistratu. Hala eta guztiz ere, zehaztu zuenez, «horrek ez du esan nahi zeharkako ikerketa bat egiten ari ez denik».

«EZ DA EGIA GORROTO-ISTILUAK UGARITU DIRENIK»

Erkorekak zehaztu zuenez, «ez da egia» PPk adierazitakoa, alegia «arrazoi politiko edo ideologikoek eragindako gorroto-istiluak areagotzen» ari direla aurten Euskal Herrian, eta kontrakoa gertatzen ari dela gaineratu zuen.

Sailburuak azaldu zuen gertakari horiek ugaritu egin zirela iaz, hilean 1,9 izatetik 2,7ra igaro baitziren. Hala ere, aurten mota horretako gertakarien hileko tasa 1,6koa da. «Beraz, ez da aurtengo fenomeno nabarmendua, erlaxatzen ari da», adierazi zuen.