GARA Euskal Herriko egunkaria

Aske da Mikel Azurmendi, 25 urte eta erdiko espetxealdia gaindituta

Mikel Azurmendi Peñagarikano beasaindarra aske gelditu zen atzo, mende laurdena iraun duen espetxealdia agortuta. Andaluziako eta Valentziako kartzeletan izan dute preso denbora gehien. Bestetik, Mikel Barrios iruindarra aske geratu da zigor osoa bete ostean.

Mikel Azurmendi, Martutenetik atera berri, alabarekin. (ETXERA)

25 urte preso eman ostean, askatasuna berreskuratu zuen atzo Mikel Azurmendi Peñagarikano beasaindarrak. Mende laurden honetan, besteak beste, Almeriako espetxean, Granadako Alboloten eta Valentziako Picassenten kartzelatuta izan dute, iaz azkenik Euskal Herriratua izan zen arte. 2019. urtetik zigorraren hiru laurdenak gaindituak zituen, baina ez zioten kalea zapaltzen utzi.

2020ko azarora arte ez zioten bigarren gradua onartu. Horrekin, etxera hurbiltzeko bidea bideratzen hasi zen; lehenik, Picassentetik Zaragozako Zuerara; gero, Zueratik Kantabriako Duesora; eta, azkenik, Duesotik Zaballara lekualdatu zuten. Hirugarren gradua ere onartu zion Lakuako Gobernuak baina, beste kasu askotan bezala, Fiskaltzak helegitea berehala aurkeztu eta progresioa ezereztu zuen.

1998. urtean Sevillan atxilotu zuten Mikel Azurmendi, Maite Pedrosa bikotekidearekin eta Txetxu Barriosekin batera. ETAko “Andaluzia komandoko” kide izateagatik zigortu zituen Auzitegi Nazionalak.

Azurmendi eta Pedrosaren alaba, oraindik adin txikikoa, «haur motxiladunetako» bat da, bi gurasoak espetxean egonda beste senide batzuen etxean hazi baita, Sarek martxoan gogorarazi zuenez. Hilabete horretan biek espetxean 25 urte betetzen zituztela salatzeko zenbait ekitaldi egin zituzten Beasainen.

Osasun arazoak ere pairatu ditu Azurmendik kartzelaldi luzean zehar. Pneumotoraxa diagnostikatu zioten duela hamarkada bat eta bi ebakuntza egin behar izan zizkioten. Atzo atera zen Martuteneko espetxetik, zigorra osorik beteta.

MIKEL BARRIOS ERE, LIBRE

Bestetik, Mikel Barrios iruindarra aske geratu da bere zigor osoa bete ostean. Joan den otsailetik baldintzapeko askatasunean zegoen.

Alemanian atxilotu zuten 2017ean eta Estatu frantsesera bidali zuten, euroagindu baten bidez. 2018ko urrira arte Osnyn preso izan zuten eta, horren ondoren, epaiketaren zain aske utzi zuten, epaitegien kontrolpean.

Bost urteko zigorra ezarri jasotakoan helegitea aurkeztu arren, espetxera itzularazi zuten Mikel Barrios 2020. urteko ekainean, baina ez zen Mont de Marsanera bakar-bakarrik heldu: euskal gizartearen ordezkaritza zabal batek lagundu zuen, espetxeratzeak islatzen zuen blokeo egoera salatzeko. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak ere babesa helarazi zion mezu baten bitartez.

Urte horretako urrian askatu zuten berriz, helegitearen erabakiaren zain baitzegoen, baina 2021eko urtarrilean kondena berretsi zuen Apelazio Auzitegiak eta orduz geroztik zigorra betetzen egon zen, etxean eskumuturreko elektronikoa eramanez. Joan den otsailean bete beharreko neurriak amaitutzat eman zituzten.