GARA Euskal Herriko egunkaria

Indarkeria matxistaren biktimentzako bigarren harrera zentroa Araban


Arabako Foru Aldundiak abian jarri du Egonaldi Ertaineko Egoitza-harrerako Zentroa Gasteizen. Ostatua, arreta espezializatua eta gizarte laguntza eskaintzen dizkie indarkeria matxistaren biktimei eta haien ardurapeko adin txikikoei.

Hiru familia unitate hartzeko prestatuta dago baliabidea. Araban dagoen bigarrena da, 2020an ezaugarri bereko beste zentro bat ireki baitzuten, lau bizikidetza unitateri arreta emateko lekua duena.

Batez beste, sei hilabetetik urtebetera arteko ostatua ematen dute, indarkeria matxistaren ondorioz beren etxebizitzatik atera beharra duten emakumeentzat.

Harreran hartutakoen identitatearen gaineko diskrezioa eta eremuko eta sarbideetako segurtasuna bermatzen dute. 2020an lehen egoitza-baliabidea abian jarri zenetik, 33 emakume eta 44 adingabe igaro dira bertatik. Emakumeen batez besteko adina 35 urtekoa da, eta 4,5 urtekoa, haurrena.

Gizarte Politiketako diputatu Gorka Urtaranek zentrora eginiko bisitan esan zuenez, «ingurune segurua eta laguntza egokia eskaintzen du, biktima diren emakumeek beren ongizatea eta askatasuna berreskuratu ahal izan ditzaten».