GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk Hezkuntza Akordioa salatu du

Bilboko Hezkuntza Jardunaldian, EH Bilduko Programa zuzendari Pello Otxandianok deitoratu egin zuen Hezkuntza Akordioaren inguruan Lakuako Gobernuak azken asteetan hartutako jarrera.

EH Bilduk Hezkuntza Jardunaldia egin zuen atzo, Bilbon. (EH BILDU)

EH Bilduk Hezkuntza Jardunaldia egin zuen atzo, Bilboko Bizkaia aretoan. Hezkuntza arloko adituen analisiaz eta hitzaldiez gain, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak Hezkuntza Legea izan zuen hizpide. «Hizkuntza proiektuak indarrean dauden hizkuntza-ereduetan oinarritzen direla esatea inkongruentzia politikoa da. Izan ere, lege-proiektuaren laugarren tituluak dioen bezala, hiru hizkuntzen tratamendu integrala egiten duen ikaskuntza eleaniztunean oinarritzen dira hizkuntza-proiektuak», defendatu zuen Otxandianok.

Bere hitzetan, «euskara ardatz duen sistema eleaniztunak esan nahi du hiru hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua egiten dela, eta euskara dela sistemaren ardatza». Hori dela eta, Lakuako Gobernuko kideen «hitzak ulertu nahian», asmoa «ereduak aldatzea» izan daitekeela aipatu du EH Bilduko kideak. «Jokin Bildarratzek esan zuen eboluzionatu egin behar dutela, Miren Dobaranek esan zuen gaindituta daudela eta atzo Urkulluk esan zuen ez direla aldaezinak. Izan ere, euskarazko eta gaztelaniazko zuzenketak ez du gauza bera esaten. Euskaraz ‘unean uneko ereduak’ esaten du, eta gaztelaniaz, berriz, ‘indarrean dauden ereduak’».

Nahaste hori azpimarratu zuen Otxandianok: «Ez gara gai ulertzeko zer esan nahi duten zuzenketaren sinatzaileek. Hizkuntza-ereduak eguneratu nahi dituzte edo hurrengo 20 edo 30 urteetan mantenduko direla esan nahi dute?».

Azken asteetan, Hezkuntza Akordioaren «kudeaketa baztertzaile» bat izan dela ere salatu zuen: «Azken orduan erregistratzen den zuzenketa batek legegintzaldi osoko herri-itun bakarraren eztabaidaren parametroak aldatzen ditu, eta, orain, Gobernuko kide batek publikoki adierazi du hobe dela EH Bildu legearen akordioan ez egotea».