GARA Euskal Herriko egunkaria

Kanpaina immigrazioan eta bizitzaren kostuan oinarrituz, SVP alderdi ultraeskuindarraren igoera iragarri da Suitzan

Botoak zenbatzen, Bernako hautesleku batean. (Fabrice COFFRINI | AFP)

Suitzan atzo egin ziren hauteskunde orokorretan SVP alderdi ultraeskuindarrak Parlamentu Federalean eserleku gehiago eskuratuko dituela zioten aurreikuspen guztiek, botoen %30 inguru irabazita, bigarren postuan geratuko zen alderdi sozialdemokratari botoetan hamar puntuko aldea aterata. Hirugarren eta laugarren postuan etorriko lirateke alderdi zentrista eta liberala, eta azken postuan geratuko litzateke Berdeen alderdia, botoetan zaplazteko latza jasoz.

Izan ere, ultraeskuinak planteaturiko ardatzetan errotu da kanpaina eta debate publikoa: immigrazioaren kontrako erretolikan, woke kulturaren (feminismoaren alde, genero bereizketaren eta arrazismoaren kontrako bultzada) «erokeriaren» kontrako borrokan, herrialdearen energia segurtasun faltan eta bizitzaren kostuaren igoeran. Hainbat adituren arabera, boto-emaileen kezkekin bat egitea lortu dute.

KEZKEN HIERARKIAN ALDAKETA

Izan ere, bizitzaren kostua asko igo da Suitzan, bereziki osasungintzarako aseguruen prezioa. Horrek, egunekoari aurre egiteko familien aurrekontuetan astindu nabarmena eragin du, batez ere klase ertaineko familietan. Iltze horri mailuarekin gogorren jotzen dion alderdi gisa posizionatu da SVP eta hauteskundeotan saria izan du.

Bestalde, kezka sozialen hierarkia aldaketa sumatu da. Duela lau urteko hauteskundeetan klima aldaketa zen hizpide nagusia eta horregatik izan zituen Berdeen alderdiak sekulako hauteskunde emaitzak. Oraingoan, klima larrialdia desagertu da kezken rankingetik eta horrek esplika lezake Berdeen azken postua.

Edonola ere, parlamentu federaleko eserlekuen dantza gorabehera, Suitzako lidergoan eta gobernu federalaren osaketan izango dituen ondorioak oso mugatuak izango dira. Eserleku gehiagorekin, SVP-k hainbat gaitan presio handiagoa egin ahalko du, baina gobernuaren jarduna baldintzatzeko aliantza zabala eratzea zail izango du.