Jon GARMENDIA
Idazlea

Gau Beltza

Amari galdetu nion behin ea zerbait oroitzen zuen hildakoen gauari buruz, txikia zenean bere inguruko norbaitek modu bereziren batean ospatzen zuenetz. Errepublikazale familia batetik zetorrela erantzun zidan, eta, Arimen gauari, Gau Beltzari, erlijioarekin lotura handiagoa ikusten ziola, nahiz eta jatorri paganoa izan. Gure aitaren ama oroitu zuen baserriko ate nagusiko gelan, harlangaitzezko hormatik zintzilik zen argizaiola pizten; hala egiten omen zuen ilunabar partean, baita etxeko norbait hiltzen zenean ere, urtebetez hil-egun berean. Baserrian gurekin bizi zen aitonaren arrebak, arrosarioa eskuetan, ardo goxoa edaten zuela eta bertso zahar batzuk kantatzen zituela hildakoak oroitzeko, baina bestelakorik ezetz. Azaroaren leheneko eginbehar nagusia kanposantura joatea zen, ez aurreko gauaren liturgia. Gai honen inguruan ikusten dut jendea ari dela berreskurapen ariketa egiten, hor nonbait etendako kateari segida eman nahian; halakoak eskergarri zaizkit, ez hainbeste antropologiari nahiz ondare kulturalari begira, finean, ez baitut uste moda berrien aitzinean eredu zaharrak asmatu edo gure ekina antzinako usadioen existentziarekin justifikatu behar dugunik. Pozgarri zait «Gau Beltzaren» ospakizunak pizten ikustea, Halloween indartsu bilakatzen ari baitzen azken urteotan, haurrak erakarri egiten ditu halako festa batek, eta Olentzero bezala, hau ere «gure-gurea» izango da laster sotana beltzekoen bedeinkaziorik gabe.