EDITORIALA

Turistifikazioa Donostian, hondamena bisitari

Hiriak desazkunde turistikoaren bidea hartu behar duela aldarrikatuz, murriztu ezean arazoak handitzen jarraituko duelako, Bizilagunak ekimenak deituta manifestazio jendetsua egin zen atzo Donostian. Turistifikazioaren booma Donostiaren maldizioa bilakatu dela gero eta hiritar gehiagok uste duen honetan, gaiaren inguruan eztabaida serio eta heldua egitea eskatu zuten, donostiarrei, hiriaren biziari, kultura eta ondareari eragindako kalteak muga denak pasatu dituelako. Mahai gainean jarri duten gaia aspaldi dago eztabaida betean turistak erakartzeko lasterketan bere arrakastaren biktima bihurtu diren munduko hainbat hiritan. Ongi etorria izan bedi eztabaida hori; beldurrik gabe hel diezaiogun.

Desazkundea indar handiko ideia da. Batez ere, zoritxarrez eta sarriegi, turismo-industriaren arrakastaren neurri bakartzat hazkundea hartzen delako. Badirudi turismoa hazten ez bada, albistegian errekor berriak hausten direla entzuten ez badugu, ez garela gauzak ongi egiten ari. Horrek arazo itzelak sortzen dituela jakina den arren, ezjakin-plantak egitea da. Bi erantzun egoki eman dakizkioke erronkari. Aurrena, planifikatzea: zenbat dira turista gehiegi? Turista gehiago, zenbat? Eta, gero, kontrolatzea: Donostiak hiri bizigarria izaten jarraitu nahi badu, turismo-industria kontrolatu behar du, edo ez da izango, parke tematiko bilakatuko da. Azkenik, lehentasun kontua ere bada. Ezinbestekoa da, turisten aurretik, donostiarrei lehentasuna ematea, etxebizitza, azpiegitura eta zerbitzuen arloetan, hiriaren bizigarritasunaren epe luzerako arrakastan interes eta ekarpen handiagoa dutelako.

Bestalde, erabakiak hartzeko prozesuaren muinean jarri behar dira bizilagunak. Donostia ez da turistentzako jolastokia, turistak nahi eta behar ditugu hiria donostiarrentzat bizigarriagoa egiten dutelako, egiten duten heinean. Badakigu hazkunde ekonomiko eta teknologikoak oro har, klase ertainaren globalizazioak, turismoaren zifretan izan duen eragina zein den. Badakigu garapen horrek gehiegikeria dakarrela altzoan. Arrisku itzelak Donostia eta Euskal Herriarentzat. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.