A.G.
EUROCUP

Kontrolpean izateko, aurkari zailak bai Bilbon bai Gernikan

Aurkari ezezagunak, ez hain gogorrak, baina kontrolagaitzak izango dira gaur 20.00etan Miribillan eta Malosten: CSU Sibiu errumaniarra eta Poloniako Sosnowiec, hurrenez hurren.

Joan zen astean Anwil Wloclawek taldearen aurka azken orduan lortu zuen garaipena Surne Bilbao Basketek, FIBA Eurocup lehiaketan.

«Europan zernahi jazo liteke. Polonian 17-2 galtzen hasi ginen eta buelta emateko gai izan ginen azkenean. Energiak, bolada on eta txarrek zeresana dute partidan zehar, eta prest egon behar dugu», nabarmendu zuen atzo Jaume Ponsarnauk.

Errumaniako taldea ez dator bere unerik onenean. Europako lehiaketako aurreneko partida galdu egin zuen etxean, 68-80, Caledonia Gladiatorsen aurka. Baina arrazoi hori dela-eta, «presiorik gabe» ariko dela ohartarazi zuen Ponsarnauk berak.

AGUR MALOSTERI

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak nahi baino garrantzia handiagoa izango duen partida jokatuko du Sosnowiec talde poloniarraren aurka.

Israelgo Ramat Hasharon taldea lehiatik at utzi ostean, bizkaitarrak dauden D multzoak hiru talde baino ez ditu. Hala, joan den astean Montpellierren aurka galtzeak gaur gauean Sosnowiec nahitaez menpean hartzera bultzatuko du Gernikako taldea.

«Geratzen zaizkigun beste bi partidak kanpoan dira. Horregatik, garrantzitsua da etxean irabaztea. Etxeko azken partidetan defentsako indarra berreskuratu dugu eta horri eutsi behar diogu», adierazi zuen atzo Itziar Ariztimuño taldeko kapitainak.