GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Litro bat ur


Itzuli da euria, eta bi tanta nahikoa dira uraren beharrak edo lehorteak titular izateari uzteko. Itsukeria itxaropentsua edo itxaropen itsua.

Akaso, oraingoan behintzat, ez garelako itsu ari Palestinara begira. Gazako sarraskiaren krudeltasuna handitzerik bazegoen, uraren bidez egiten ari dira hori. Hobeto esanda, ur gabezia baliatuz. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek salatu dutenez, egunak dira, laguntza humanitarioari atea zabaldu badiote ere, Gazako biztanle bakoitzak litro bat ur soilik eskura dezakeela kasurik onenean. Begi bistan da hau ez dela nahikoa oinarrizko beharrei aurre egiteko, dela elikadurari dagokionez, dela higiene beharrei begira.

Gurean udazkena iritsi da eta honezkero bada hotzak jota kalean lo egiten duenik. Kalean gau bakar bat igarotzera behartuta dagoenaren bizitza ez da sekula bera izanen, eta jana bezain garrantzitsua dela ura eskuragarri izatea diote ikerketek. Ura, biziraupenarekin bezala, norberaren higienea bermatu ahal izateko eta, beraz, duintasunerako beharrezkoa delako.

Askok diote etorkizuneko gudak uraren beharrarekin lotuta egonen direla. Baina dagoeneko ur gabezia darabilte ahulenen aurkako arma gisa. Litro bat ur ez da aski bizitzari aurre egiteko; dela genozidio batera, dela kalean bizitzera kondenatu dutenarentzat.