Ainhoa SAITUA, Baleren BAKAIKOA, Itziar NAVARRO eta Oskar ARANTZABAL
Biltzarreko Batzorde Zientifikoa
KOLABORAZIOA

Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra

Urriaren 27an, Gasteizen, Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra burutuko dugu. Biltzar honen antolakuntza eta finantziazioan, batik bat, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Ekonomialarien Euskal Elkargoak parte hartu dute, baina EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere beren babesa eta laguntza eskaini dituzte ekitaldia arrakastatsua izan dadin, baita hainbat txostengilek ere. Guztira bederatzi erakundek, inoizko zabalena.

Jadanik bi biltzar burutu ditugu, lehena 2019an, eta bigarrena 2021ean, oraindik covid-19a gure artean ondorio larriak gauzatzen ari zenean. Halere, egia aitortze aldera, parte hartzaile ugari hurbildu ziren eta gaiak gordeta daude UEU eta Ekonomialarien Euskal Elkargoaren web orrietan.

Aurtengo Biltzarrean eztabaidatuko ditugun gaiak Euskal Herriarentzat estrategikoak direnak izango dira, nazio gisa estatu-egiturak eraiki, bertan erabaki eta menpekotasun ekonomikorik gabe bizitzeko. Halaber, gai estrategikoak, ohituta gauden lez, ez dira zementuarekin lotutakoak; bai, ordea, euskal gizarteak bizirauteko kontuan izan beharko dituen baliabide ekonomiko nagusiak, bizimodu duin eta hobearen jabe izateko. Gai estrategiko horien artean «euskal demografia» jorratuko dugu. Izan ere, euskal gizartea zaharkitzen ari da eta gure etorkizunak bideragarria izaten jarraitu behar badu, demografiak zeresan handia dauka eta, euskal ongizate mailari eutsi nahi badiogu, orain arte ez bezala, politika publiko egokiak eta sendoak eratu behar ditugu, izan jaiotzak sustatuz, immigrazio politikak diseinatuz, e.a.

Bigarren gai estrategikoa «uraren problematika» izango dugu. Lur planetan ur geza oso oker banatuta dago. Herrialde garatuek ur geza ugari daukate eta, aldiz, hegoaldekoek oso urri. Bestalde, jakin, badakigu, herrialde boteretsuek iturburuak kontrolatu gura dituztela, baita ibaiak ere. Eztabaidarako lagako dugu euskal hiritarrok, geure nekazaritzak eta industriak ere, nahiko ur geza izango dugun ongizate maila duin bat euste aldera.

Hirugarren gai estrategikoa «elikadura nahikotasuna» izango da, etorkizuneko euskal populuak bertan ekoitzitako elikagai aski izango al du? Badirudi orain arte oso autonomia urria erdietsi dugula eta elikagaien %90 inportatu behar dugula; gainera, elikagaien mundua enpresa multinazional gutxi batzuen esku dago eta horiekin lehiatzeko euskal ekoizleek, ttipiak gehienak, gaitasun urri daukate. Halere, Ipar Euskal Herrian, gizarte ekimenari esker, esperientzia ugari azaltzen eta garatzen ari dira, batik bat elikagai ekologikoekin lotuta; gure arteko kasuak aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dugu Biltzar honetan.

Laugarrena, energiari lotutakoa; berriztagarriek eta eredu kooperatibistak oligopolioen aurrean alternatiba demokratikoagoak eskaintzen dituztelakoan. Nafarroako kasu praktiko bat ekarriko dugu gurera.

Azkenik, «aldaketa klimatikoaz» eztabaidatuko dugu, non nazioarte mailan parte hartzen duen euskal ikerlari ospetsu batek gaia azaldu eta zuzenduko digun. Gaur egungo politika publikoak egokiak dira eta estatuak betetzen ari dira ikerlariek proposatzen dituzten neurriak? Horri lotuta ere, garraio sektoretik hartutako adibide praktikoak ezagutzera emango dira.

Laburbilduta, hauek izango dira urriaren 27an mahai gainean izango ditugun gai nagusiak. Gonbidatuta zaudete!