GARA
DONOSTIA

Baldintzapeko askatasuna Mikel San Argimirorentzat, 21 urteren ondoren

Mikel San Argimirok ez du espetxera itzuli beharko.
Mikel San Argimirok ez du espetxera itzuli beharko. (GARA)

Zenbait traba gainditu ondoren, eta 21 urte luze kartzelaratuta egon eta gero, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Mikel San Argimiro Isasa donostiarrak, Etxeratek atzo ezagutarazi zuenez.

Lege bidean egindako urratsetan Auzitegi Nazional espainolak jarritako oztopoak gaindituta, baldintzapeko askatasuna lortu du azkenik, eta, honenbestez, ez du kartzelara itzuli behar izango.

Espetxealdiaren azken hilabete hauek Martutenen egin ditu San Argimirok, baina aurretik urte askoan izan zuten urrutiratuta, Caceresen, hain zuzen ere. Hortik Soriara aldatu zuten, Gobernu espainolak hurbiltze prozesuari ekin zionean, eta geroago Euskal Herrira ekarri zuten.

Joan den urtean hirugarren gradua onartu zion Lakuako Gobernuko Justizia Sailak, baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta, ondorioz, kartzelaratu egin zuten berriz 2022ko urrian, beste kasu ugaritan gertatu den bezalaxe. Orain, hirugarren graduan egoteaz gain, baldintzapeko askatasunean da.

TORTURA SALAKETA

Guardia Zibilak 2002an atxilotu zuen Mikel San Argimiro, eta tortura latzak egin zizkioten bost eguneko inkomunikazio epean.

Donostiarraren kasua Europako Giza Eskubideen Auzitegira heldu zen, eta berea izan zen, hain zuzen ere, torturengatik han onartutako lehenengo helegitea. Halatan, Estatu espainola zigortu egin zuten 2010ean, tortura horiek ikertu ez izanagatik. Ordutik hona beste dozena bat kasutan epai berdina eman du Estrasburgok.