GARA Euskal Herriko egunkaria

Osasun publikoaren aldeko mobilizazioak, azaroaren 11n

Osasun Publikoa Aurrera (OPA) herri plataformak agerraldia egin zuen atzo, azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen mobilizazioak antolatu dituela iragartzeko.

Gasteizen egin zuen atzo OPAk agerraldia, azaroko mobilizazioak jakinarazteko. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Osasun publiko eredu berri baten alde» azaroaren 11n mobilizatzera dei egin zuen OPA (Osasun Publikoa Aurrera) herri plataformak, atzo Gasteizen egindako agerraldian. Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu dituzte mobilizazioak.

Azaldu zuten «konponbidea» zaintza sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzean datzala, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena eta administrazio publikoen arteko lankidetzatik sortu behar dena. Adierazi zuten mugimendu feministak egindako hausnarketekin bat egiten dutela, eta «zaintza sistema pubiko, duin eta kalitatezkoa bermatuko duen osasun publiko eredu berri bat» behar dela.

Garrantzitsua iruditzen zaie herritarren partaidetza bermatuta egotea eta «kudeaketa demokratikoa» izatea. Hiru eskari nabarmendu zituzten: osasun politika guztietan bizi baldintzak zehazten dituzten faktoreak jasotzea; guztiz publikoa den osasun sistema eratzea; eta, hirugarrenik, «egun ia existitzen ez den» gardentasuna bermatzea.

LEHEN MAILAKO ARRETA

Osasun asistentziako sistemaren «giltzarri» bihurtu behar du deitzaileen iritziz Lehen Mailako Arretak, eta, horregatik, «birsortu» behar dela. Lehen Arretari lotuta bost eskakizun egin zituzten: lan talde berak paziente baten osasun arazoen jarraipena egin ahal izatea; sarbide ekitatea bermatzea, arreta presentziala lehenetsiz; baliabideez hornitzea, Lehen Mailako Arretaren eta arreta espezializatuaren arteko arrakala gutxituz; antolatzeko autonomia zabala ematea, herri txikien errealitatera egokituz; eta azkenik, eskainitako zerbitzuak handitzea.

Osakidetzaren egungo egoera salatu zuten, «arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza» dela. Eta gogoratu zuten osasuna eskubide unibertsal bat dela, ez «merkatu ondasun bat». Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko ere eskatu zuten.

Bestalde, gertatzen ari diren pribatizazio guztiak gelditzea edo lehengoratzea eskatu dute. Eta «bateraezintasun medikua berreskuratu eta indartzea, baliabide publikoak hobeto aprobetxatuz».