GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Palestina: su-etena beharrezkoa da sarraskia eteteko


Sarraskia salatzeaz gain, geldiarazi behar da. Eta hori soilik gertatuko da izugarrizko presioa antolatzen bada sarraskiaren arduradunen eta babesleen gainean. Eskaladaren espiralak, berriz, ez du gauza onik ekarriko, ez bederen egunotan milaka seme-alaba galtzen ari den herri palestinarrarendako.

Ezkerrean, batzuetan, funtzionaltasuna eta baloreak nahasten ditugu. Zerbait zuzen edo zilegi iruditzen bazaigu, onuragarritzat ematen dugu berez, eta ez dugu neurtzen ekar dezakeena. Izan ere, gerta daiteke -eta gertatzen da- ontzat ematen dugun zerbaitek ondorio kaltegarriak ekartzea. Helburu zuzen bat defendatzeko, helburu horretatik urruntzen gaituen zerbait egiten ahal dugu. Ohikoa da, halakoetan, baloreak aterpe gisa baliatzea: zuzena zelakoan egin dugu. Kontua da, alta, asmo zintzoak baino gehiago behar direla mundua aldatzeko, eta estrategia askatzaile orok arduraz bereganatu behar dituela, horrenbestez, egiten duena zein egiten duenaren ondorioak.

Israelek Palestina bonbardatzen eta era guzietara erasotzen duen une latz honetan, denok dakigu sueten batek ez duela sakoneko gatazka gainditzea ekarriko. Bistan da egiturazko okupazioa eta kolonizazioa ez direla bat-batean desagertuko, egungo eskalada eteten bada. Baina indar harreman erabat desorekatu horretan, zein da alternatiba? Zein da sarraskia geldiarazteko formula emankorra? Emankorra diot, hori lortzeko aukera duena, ez hainbat baloreren arabera zuzenena iruditzen zaiguna.

Nago ezkerrean hain errotuta dagoen nahasketa hau dagoela bere ahulezia orokorraren atzean. Ez arrazoi bakar gisa, jakina, baina bai lehenengo postuen artean kausa nagusien zerrendan. Baloreak aldarrikatzeak zuzentasunaren sentipena eskaintzen ahal digu, agian, baina gatazken adierazpen latzenen aurrean gehiago behar da.

Suetenak ez dio injustiziari bukaera emanen, baina hil ala biziko kontua da gaur egun, literalki.