GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Unai Lasok, osatze bidean, frontoiko lehen saioa burutu du

Aurrelariak oso gustura amaitu zuen Aimar Olaizolaren gidaritzapean egindako entrenamendua, eta Binakakorako prest egotea du erronka.

Unai Lasok gertuago du itzulera. (Iñigo URIZ | FOKU)

Unai Lasok bere osatze prozesuan beste aurrerapauso bat eman du, azterketa medikuekin eta fisioterapia saioekin jarraitzeaz gain, atzo bere lehen frontoiko saioa osatu baitzuen, Aimar Olaizolaren gidaritzapean. Ekainaren 12an egin zioten Bizkarreta-Gerendaingoari aldakako ebakuntza, eta, oraindik denbora batez partidarik jokatu gabe jarraitu beharko badu ere, gertuago ikusten du berriz ere zuriz janzteko eguna.

2022ko Buruz Buruko txapeldunak lehen saio honen balorazio oso positiboa egin zuen bere enpresaren web orrialdean jasotako bideo batean. «Lehenengo entrenamendua egin dut, sentsazio onekin. Ongi bukatu dut, eta gustura. Prozesu luzea izan da. Azken fasean nago eta, egia esan, oso pozik. Eskerrik asko, jaso ditudan animo guztiengatik. Laster elkar ikusiko dugu frontoietan. Besarkada bat», adierazi zuen.

Buruz burukotik at geratu ondoren, lehenago edo beranduago egin behar zuen ebakuntza egitea erabaki zuen eta, uda guztia galdu ostean, Lau eta Erdikoari ere uko egin behar izan zion.

Baikoko izarraren helburua azaroaren azken asteburuan hasiko den Binakako txapelketarako prest egotea izango da, nahiz eta zaila dirudien lehen jardunaldietarako prest egotea. Hori bai, txapelketa hain luzea izanda, oso posible da haren enpresak ordezkoren bat jartzea, harik eta Lasok bere burua kantxaratzeko prest ikusten duen arte. Urteko txapelketarik luzeena da Binakakoa, eta hor izango du, horrenbeste denboran geldirik egon eta gero, galdutako erritmoa berreskuratzeko modua.

FINALERDIRAKO TXARTELA

Txapelketari dagokionez, begi guztiak gaur Bermeoko Artza pilotalekuan izango dira, bertan banatuko baita Lau eta Erdiko txapelketako finalerdietarako azken aurreko txartela. Orain arteko emaitzekin, final laurdenetako ligaxka kanporaketa arrunt baten eran erabakiko da, eta egungo txapelduna, Joseba Ezkurdia eta Erik Jaka izango dira Jokin Altunaren aurka, baldin eta amezketarra osatzen bada, lehiatzeko borrokan arituko direnak.

Biak Peio Etxeberriaren aurka galdu ostean aurkeztuko dira partida honetara -22-9 lizartzarra eta 22-19 arbizuarra-, nahiz eta Baikokoak astebeteko atsedena izan duen, Salaberriak uko egin baitzion gipuzkoarraren aurka jokatzeari, eskuin eskuko kailua irekita.

Bere onenean ez egon arren, Joseba Ezkurdia irtengo da faborito gaur, ultzamarra gehiago estutzeko gai izan zelako eta Salaberriari erraz irabazi ziolako.

Udan betiko bere mailara itzultzeko bidean zela zirudien arren, lizartzarra ez da horren fin ibili aurtengo Lau eta Erdikoan, baina joko oldarkorra errekuperatzeko gai bada, edonori gailentzeko gaitasuna baduela erakutsi du.

Saketik hasita, partidari erritmoa sartzea izango da bien nahia, eta lortzen duenak asko izango du irabazita.