GARA
GASTEIZ

Iñaki Martinez de Luna soziologo arabarrak jasoko du Manuel Lekuona Saria

Iñaki Martinez de Lunak jasoko du Manuel Lekuona saria, munduko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaz «euskarari eskaini dion aparteko dedikazioarengatik».

Martinez de Luna (erdian), 2023ko saritua.
Martinez de Luna (erdian), 2023ko saritua. (EUSKO IKASKUNTZA)

Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) soziologo eta soziolinguistika arloko ikertzaileak irabazi du aurten Manuel Lekuona Saria, Eusko Ikaskuntzak 1983an sortua, euskal kulturaren alde egindako lanarengatik pertsona ospetsuak aintzatesteko. «Gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan» jarri duen «aparteko dedikazioa» nabarmendu du epaimahaiak, eta mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoa, «ikuspegi irekiaz eta mugarik gabe».

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria irudikatzen duena, ekitaldi publiko batean jasoko du sarituak, oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean.

Martinez de Luna Soziologian doktorea da Deustuko Unibertsitatean eta, ia berrogei urtean zehar, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko eta euskal gizarte errealitateari buruzko hainbat ikerketa zuzendu ditu, esaterako, identitateari eta kulturari buruz Jaurlaritzarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin 2007an garatutakoa.

Eusko Ikaskuntzak adierazi zuenez, Martinez de Lunak jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenarekiko konpromiso aktiboa uztartu ditu. Horren adierazle dira, bai tokiko eremuan egindako lanak, bai ikerketa taldeetan egindakoak: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterrean. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen, eta ‘‘Bat’’ aldizkariaren zuzendaria ere bai.

«Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunean sortutako Topalabe hausnarketa taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena», zehaztu zuten, ‘‘Berrikasi eta Berrikusi’’ (2015) eta ‘‘Berrindartu eta jauzi’’ (2020) txostenak aipatuz.

«Bere curriculum zabalak berrikuntzaren aldeko bokazio argia erakusten du, eremu ezezagunei heldu eta sinergiak sortzeko grina. Zentzu horretan, bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza giroan kokatzen da», adierazi zuten.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria eta euskaltzain urgazlea da Martinez de Luna, eta egun ‘‘Euskararen Biziberritzea Araban’’ proiektua koordinatzen du. Araban euskararen alde lan handia egin du, Gasteizko GEU elkarteak egindako jarduerak horren erakusle izanik, elkarte horretako presidente izan baitzen 2013 eta 2015 artean.