GARA Euskal Herriko egunkaria

Iratin ez da eskiatzeko aukerarik izanen, gehiegizko beroa eta haizea direla eta

Iraupen eskia egiteko aukerarik ez da izanen heldu den denboraldian Ipar Euskal Herrian. Horretarako, estazio bakarrean, Iratin, bero handiegia eta haize gehiegi dira. Ondorioz, Xiberoako Sindikatak erabaki du jarduera bertan behera uztea. Mendiarekiko errespetuzko ekintzak entseatzeko aprobetxatuko dute, tokiko eragileekin elkarlanean.

Atzealdean, Orhi mendia. Haren magalean dago, edo zegoen, eski estazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ipar Euskal Herrian zen iraupen luzeko eskirako estazio bakarrean ez da horretarako aukerarik izanen heldu den eski denboraldian. Iratiko txaleten zuzendari Josy Arrossagarayren ustez, klima aldaketak eragin zuzena du, eta klimaren aldaketa horiek, hala nola egun berean gertatzen diren tenperatura aldaketek edo haizeteek, elurrarekin lan egitea zailtzen dute.

Haatik, baikor da zuzendaria, Mediabaski erran zionez, aukera bat zabaltzen baita, inguruneak beste jarduera batzuk egiteko parada eskaintzen duelakoan. Aurten entsegu bat eginen dutela azaldu zuen, mendiarekiko errespetuzko jarduerekin, tokiko eragileekin elkarlanean.

Lanpostuei dagokienez, aldaketa horrek ez du eraginik ukanen etxolen arduradunarentzat. Jadanik udan diren aktibitateak neguan garatuak izanen dira: «Funtzio anitzeko talde bat dugu, eta tokiko eragileei lan eginarazi nahi diegu, bide bat izan nahi dugu haientzat. Adibidez, euskarazko mendi ateraldiak eskaintzeko gai izan nahi dugu», kontatu zuen.

Xiberoako Sindikataren eginkizunak errespetatzea eta indartzea ere nahi du, natura ondarearen kudeaketan, artzaintzaren indartzean eta ingurumena errespetatzen duen turismo eredu batean, «gure mendiaren DNA atxikiz».

Baldintza onak badaude, elur-erraketekin ibiltzeko aukera eskainiko dute Iratin. Ekintza honek ez du apenas eraginik mendian, ez baita aztarnarik markatu behar, ezta iraupen eskiko erreirik ere.

Oro har, erran dezakegu, urte osoko aktibitatea aintzat hartuz, gauzak ez doazela gaizki bertan. 2023 honetan 56.000 lagunek lo egin dute dagoeneko paraje eder honetan, iazko epe berean baino 1.600 gehiagok.

ELUR ESKASIA AURREIKUSTEN ZEN

Iratiko eski estazioa 1968an ireki zen, eta 1978tik 1980ra arteko igogailu mekaniko bat ere izan zuen. Baina pistak zortzi egunez baino ez ziren ireki iragan denboraldian, hetsirik izan ziren 2021 eta 2022an eta hiru egunez bakarrik ireki ziren 2020-2021 denboraldian.

Agorrilaren bukaeran “Nature Climate Change” aldizkariak argitaratu zuen artikulu batek azaltzen zuenez, klima 1,5 berotzen bada, Europako estazioen %32 elur faltan izanen da. Baina, aurreikuspenen arabera, hori baino gehiago igoko da, eta datozen hamarkadetan hiru graduko igoera gerta liteke.

Horrela balitz, Pirinioetako estazio gehienak arriskuan leudeke. Izan ere, hauek diren goratasunean, hiru graduko emendatzea izanen da, eta horrek arriskuan ezarriko du estazioen %98.

AKTIBITATEAK ETA URTAROAK ZABALDU

Urtean eskiatu daitekeen egun kantitatearen murriztearen aitzinean, estazio batzuek beren aktibitate eskaintza ugaritzearen alde egiten dute. Ibilaldiak, erraketetan, yoga, trailean eta bizikleta mendian; trantsizio turistikoa abitu da. Puigmal 2900en, adibidez, urte osoan irekitzeko hautua egin dute, «Lau urtaro» eredu batean, aisialdi eskaintza anitzarekin.

Hala ere, bezeroen eskaria ez da oraindik aldaketa horietara egokitu. «Neguan, mendira etortzen diren pertsonek neguko kirolak praktikatzeko gogoa dute, eta ez udako kirolak», zehaztu zion “Kazeta”-ri Arnaud Libilbehetyk, Gourette eta Pierre Saint Martin guneen kudeatzaileak.