GARA Euskal Herriko egunkaria

Itxaro Borda, euskaltzain oso: «Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu»


Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an euskaltzain oso izendatu zuen Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Atzo, Akademiaren barne arauek agintzen dutenari jarraikiz, Sarrera hitzaldia irakurri zuen jendaurrean. Horren ondoren, Sagrario Aleman euskaltzain osoak eman zion erantzuna.

Mugaren kontzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edo euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez jardun zuen Bordak, ohar batean Euskaltzaindiak azaldu zuenez.

Muga hitzak euskaldunengan sortzen dituen kontraesan, beldur eta aieruak aletu zituen: «Mugatua den mundu bateko jende mugagabeak gara (...). Muga pertsonifikatuak. Hor dira jartzen ditugunak, jartzen dizkigutenak».

Bordak ere muga franko gurutzatu ditu bere bizitzan, «batzuetan itzulerarik gabe». Aitortu zuen espazio horretan oreka galtzear kausitu dela sarritan, «oreka galdua zutenekin eguneroko ahaleginetan». Eta ondorioztatu zuen: «Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu (...). Muga batzuen ametsa da, eta besteen amesgaiztoa».