GARA
BILBO

Oldarraldi «euskarafoboa» salatu eta Bilborako deia egin du Sortuk

Sortuk agerraldia egin zuen, atzo, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, «euskararen aurkako oldarraldi integrala» salatzeko eta «hizkuntza politika berri eta ausartak» eskatzeko. Heldu den larunbaterako manifestaziora deitu du alderdi abertzaleak, eta EAJko gazteek ere bai.

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean agerraldia egin zuten Sortuko kideek.
Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean agerraldia egin zuten Sortuko kideek. (Endika PORTILLO | FOKU)

Sorturen ekimenez hogeita hamar bat lagunek agerraldia egin zuten, atzo, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, «euskararen aurkako askotariko eraso oldea» salatzeko eta «hizkuntza politika berriak» eskatzeko.

Ekimen ikusgarria izan zen; bildutakoak eraikinaren aurrealdean kokatu ziren puzgarri erraldoi batekin eta “Euskarafobia stop!” zioen pankarta batekin. Indar abertzaleak Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitzeko erabili zuen. Ekimenaren hasieran, bi bertsolarik puzgarriaren alboetan paratutako aldamioetatik euskarak bizi duen egoera salatuz abestu zuten, eta, jarraian, Iker Alcedo Sorturen Nazio Kontseiluko kideak hitza hartu zuen eta adierazi zuen euskararen aurkako oldarraldia ez dela epaitegietara mugatzen: «Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Oinarrian nazio gatazka dago», nabarmendu zuen.

Eledun independentistak salatu zuenez, batzuek euskararen eta herritarren aurkako estrategia bat darabilte: «Euren proiektu espainolak Euskal Herrian jarraitzeko helburuz, euskararen eta euskal kulturaren hedapena gerarazi nahi dute». Ildo honetan, erasoei osotasunean erantzuteaz gain, aurrerapausoak beharrezkoak direla adierazi zuen: «Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioan eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko».

Euskal Herri euskaldun eta eleaniztun bat eraiki ahal izateko, estatu propio bat ezinbestekoa dela gaineratu zuen: «Euskal Herriak eta euskarak independentzia behar dute».

EGIK ERE BAT EGIN DU

EGIk ere bat egin du euskararen normalizazioaren eta erabileraren aldeko aldarrikapenarekin, eta azkenaldian ezagutu diren epaiekiko «erabateko desadostasuna» adierazi zuen atzo.

Gazte jeltzaleek, hauek ere Justizia Jauregiaren aurrean egindako agerraldian, esan zuten epaileen erabakiek «euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizten» dituztela, «euskal autogobernuari eta Eusko Legebiltzarraren legegintza gaitasunari eraso» egiten dietela, eta «euskal gizartearen gehiengoak adierazi duen adostasunaren kontra» daudela. Euskararen biziberritzearen alde deitu diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin zieten egikideei eta euskal gazteria osoari, eta bereziki Kontseiluak A4an deitutako manifestazioan.