Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Urak baretu artean

Mugimenduak dakarren liluragatik izango da agian, baina ibaiak begiak lapurtzen ditu. Exajeratuz, ez zait jolas hoberik okurritzen zubi gainetik burua ibaian gora atera eta igerian dauden amuarrainak begiz jotzea baino. Igerian egon egiten dira, geldirik baleude bezala, jakin badakizu, ordea, ezinbestean behar dutela mugitzen ari, posizioari eusteko. Ibaietan txokoak bere dituzten amuarrainen kasua ez da batere berezia, oharkabean bezala pasatzen dira. Ezin esan umil-umilak direnik, erakutsi-nahitik ere badute pixka bat, bizkarraldeko puntu gorrixkak adibide, baina, hala ere, ez dira izokinak bezain handiak eta nabarmenak, ez da Bidasoan harrapatutako lehen amuarrainik portadaratzen.

Uda honetako kontua da, zentral hidroelektriko baten kanala husten ari ziren. Konportak zabalduta, ur mailak denbora gutxian egina zuen behera. Ezertarako presarik ez eta, entretenimendu bezala begira geratu nintzen. Egonean nengoela, arrantzale ohi batek harrapatu eta alferrik ari nintzela esan zidan, «honezkero denek alde egin diten!». Antza, urek denbora gutxian beherakada handia izaten badute, aldaketa drastikoren bat gertatzen bada, amuarrainak urarekin batera alde egiten omen du ibaian behera, «senean iltzatuta duen biziraute estrategia» bat omen da. Gerora, betiko errekak behar beste ur emari dakarrela ohartzen direnean, gustuko duten txokora itzultzen omen dira.

Ez nituzke politikako goi kargu ohiak amuarrainekin alderatu nahi, estimu handiagoan ditut bigarrenak, baina, nago, Jaurlaritzako kargu batetik enpresa pribatura jauzia dagokion legearen prozedura jarraitu gabe egin zuen zenbaitek amuarrainen antzera jokatuko duela: ur mugimenduak agerian utziko dituenean ibaian behera alde egin, bizirik mantentzeko eta, urak bere onera etorriko balira, zergatik ez, lehengo korrontera bueltatzeko. Aldea da, amuarrainen arrantza debekuari iskin egiten diotela arrantzale batzuek eta legez, legeari entzungor diren politikariak arrantzatu behar lituzketenek, berriz, iskin egiten diotela eginkizunari.