GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaintzaren Egunean, A30eko grebara begira

Atzoko brindisa, Nabarreria plazan. (NAFARROAKO MUGIMENDU FEMINISTA)

Zaintzaren Nazioarteko Egunaren karietara, kalera atera zen atzo Nafarroako mugimendu feminista, hilabete barru, azaroaren 30ean, egingo den greba feminista orokorrean parte hartzera deitzeko asmoz. Nabarreria plazan brindisa egitearekin batera, gizarte osoari dei egin zioten greba antolatzeko prozesura batzera, auzoetako eta lantokietako greba batzordeetan parte hartzera.

«Hilabete gelditzen da grebarako eta martxan gaude. Hasi gara antolatzen eta kalea berotzen. Lan handia dugu aurretik, eta indarrez eta ilusioz ekingo diogu», azaldu zuten. «Kalera atera gara aldarrikatzeko zaintzarik gabe ez dagoela bizitza duinik. Zaintzarik gabe ez baitago bizitza bera posible egiten duen euskarririk», irakurri zuten.

Nafarroako hiriburuan bularreko minbiziaren aurkako lasterketa egin zela aprobetxatuta, bertara eraman zuten greban parte hartzeko aldarria, pankarta batekin.

Iruñean ez ezik, Nafarroako hainbat herri eta auzotan ere egin ziren ekimenak asteburuan zehar, grebara deitzeko; besteak beste, Zizur Nagusian, Burlatan, Eguesibarren, Garesen, Tuteran, Arrotxapean eta Barañainen.