Haritz LARRAÑAGA

Bermuden triangelua

Agian niri ez zegokidan surflaria izatea. Jaio eta hazi nintzen auzoa ez zen surflari batentzat leku egokiena sasoi hartan; izan ere, garaiko errealitate gordinenen ispilu zen nire etxeko ataria. Garaiko egoera soziopolitikoak izan zitzakeen albo-kalte guztien habia zen “el triangulo de las Bermudas” deitzen zuten auzoa. Txantxetan jarri zioten goitizen hori, «han sartzen zena ez zelako irteten», hiesak jota hil zen lagun batek azaldu zidanez. “Barrio txino” ere deitzen zioten lau kale txikitan dozena bat taberna eta zenbait diskoteka zituen auzoari. Ondorioz, herriko haurrek sarrera debekatuta zuten auzoan hezita, inork gutxik pentsatuko zukeen handik surflari bat atera zitekeenik, baina atera zen.

Auzoa itsasoari itsatsita zegoen, egun baino gehiago, baina bazen beste osagai bat nigan eragina izan zuena. Geroago Pukas bilakatu zen Jeronimo surf denda auzo berean zen. Taulak distiratsuak ziren, gogorrak izateko poliester geruza gehiago izan arren, akabera on bat emateko gehiago leuntzen baitzituzten. Argizarien usaina, neopreno usaina, skate koloretsuak, hormetako irudiak, marrazkiak, arropa... dena zen liluragarria niretzat. Aukera izan orduko surf egitera kondenatua nengoen, eta horrela izan zen.

Hala ere, itsasotik 50 metro eskasera bizi arren urte andana pasa ziren surflariok etxetik neoprenoa jantzita irteten hasteko. Sasoi hartan pentsaezina zen kalean zehar ur-jantziarekin ibiltzea. Gune jakinetan biltzen ginen elkarrekin aldatu eta itsasoratzeko, modu horretan errazagoa zen kanpoaldean lagunen bat izatea poltsak zaintzeko. Hondartzan talde desberdinak ere sortzen ziren, bakoitza bere izaerarekin.

Nork esango luke Zarautz bezalako herri batean 80ko hamarkadan heroinazalez lepo zegoen auzo bat zegoela, edo surflarioi iseka egiten zigutela? Baina horrela zen. Aitzitik, nire auzoan denetik ikusi nuen arren, ez zen gune arriskutsua. Goizeko seietan txapelketa batera joateko irteten nintzenean iseka egiten zidaten parrandazaleak ere ez ziren aintzat hartzekoak, ezta ezkaratzeko eskaileretan erdi lotan geratzen ziren drogazaleak ere. Haietako gehienak hiesak eraman zituen; orduan “peruko” edo “pijo” deitzen zidaten sasi borrokilla eta nerabezaroko punki parrandazale haiek gaur surf egiten dute, «palestinorik gabe eta krestarik» gabe, bermudekin, eta sarri haien seme-alabekin. Beraz, agian bai, garai hartan ez zirudien arren, surf egitea zegokidan, baina egun aritzen naizen bezala, RIP taldearen irudiarekin eta Argalaren idatziek sortu zizkidaten kontraesanekin.