GARA
BILBO

Haurren aurkako bortizkeriak «proportzio epikoak» dituela salatu du Save the Children-ek

Haur palestinarrak noraezean, Gazako Rafah hirian.
Haur palestinarrak noraezean, Gazako Rafah hirian. (Said KHATIB | AFP)

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Israelek Gazako Zerrendan egindako bonbardaketek «proportzio epikoko» indarkeria-maila eragin dute, eta gaineratu du halakorik ia inoiz ez dela ikusi azken urteetako gatazketan. Izan ere, Gazan hildako haur kopuruak (3.195 haur inguru hil dira Israelek erasoaldia hasi zuenetik) mundu osoko gatazka-eremuetan 2019tik hildako haur kopurua gainditu du.

Hedabideei igorritako oharrean, Save the Childrenek jakinarazi du adingabeak direla Gazako 8.000 hildako ingururen %40, eta zendutako guztien herenak baino gehiago lurralde palestinar okupatuetan eta Israelen izandako erasoan. Gainera, beldur da kopurua askoz handiagoa ez ote den, beste 1.000 haur desagertuta edo hondakinen azpian lurperatuta daudela uste baitu. «Haur baten heriotza gehiegi da, baina neurri epikoko urraketa larriak dira. Su-etena da segurtasuna bermatzeko modu bakarra», eskatu zuen atzo Jason Lee Save the Childreneko zuzendariak Palestinako lurralde okupatuetan.

UNRWA-KO BILTEGIETAN SARTU

Gainera, bonbek eta bestelako armek eragindako heriotzez gain, Israelek Gazari ezarritako blokeoak zerrendako egoera humanitarioa erabat okertu du, eta, horrek azal dezake atzo Palestinar Iheslariei Laguntzeko NBEren Agentziaren (Unrwa) biltegietan jazotakoa.

Agentziak berak adierazi zuen milaka lagun banaketa-zentroetan sartu eta han gordetako hornigaiak eraman zituztela. Horri buruz, Thomas White Unrwaren Gazako Gaietarako zuzendariak adierazi zuen «Gazan hiru asteko gerraren eta setio zorrotz baten ostean ordena zibila hausten ari den seinale kezkagarria» dela gertatutakoa. «Jendea beldur da, frustratuta eta etsita dago», nabarmendu zuen.