GARA Euskal Herriko egunkaria

Andres Camio: «Ez gaude ohituta halako musika askea entzutera»

Hamar abesti sailkaezinez osatutako «Bas(h)oan II» lana aurkeztu zuten astelehen honetan Joseba Irazokik eta Beñat Achiaryk. Definitzea «ezinezkoa» da, Achiaryren esanetan. Izan ere, «pieza bakoitzak du bere estiloa». Estilo hori musikariek eman diote, inprobisaziorako duten joerak lagunduta. Bide beretik mintzatu zen Elkar musikako Andres Camio, «Jitu»: «Disko aske bat, disko ero bat, zentzu onean».

Camiok, Achiaryk eta Irazokik Baionan aurkeztu zuten lan berria. (Guillaume FAUVEAU)

Duela sei urte ‘‘Bas(h)oan’’ lana kaleratu ostean, esperimentazioari segida eman nahi diote Beñat Achiaryk, Joseba Irazokik eta Julen Achiaryk, oraingoan laukote formatuan, Oihan Oliarj-Ines baxu-jotzaile gazte zuberotarrak haiekin bat egin du-eta.

«2017an grabatu den diskorik zirraragarrienetako bat»; hala definitu zuen Pablo Cabezak GARAn lehen disko hura, Robbie Basho-ren omenez egindakoa. Eta bide berari eutsi nahi izan diote. «Aurreko diskoan erdiak ziren Bashoren kantuen moldaketak. Orain, bat kenduta, gure sorkuntzak dira. Aldaketa handiena hor dago», azaldu zuen Irazokik Baionan egindako aurkezpenean. «Lotura mantentzeko», disko honetan ere XX. mendeko gitarrista estatubatuarraren kantu baten moldaketa sartu dute.

Andres Camio, ‘‘Jitu’’, Elkar musikako kideak gogora ekarri zuen lehen lan hura, «oso lan bitxia». «Kristoren oparia izan zen denontzat. Datarik gabeko disko bat da, denboran geratzen den horietako bat». Orain, 2023an, ‘‘Bas(h)oan II’’ diskoa dator, bide oparo hori jorratzeko asmo berarekin.

«DISKO EROA»

«Aurreko diskoan bezala, esperimentazioa da oinarria. Disko aske bat, disko ero bat, zentzu onean», baieztatu zuen Camiok. Bere hitzetan, lan berri honek «bide oso ausartak jartzen dizkigu entzuteko momentuan». Onartu zuen, entzulea bere ohiko eskemetatik atera dezakeen musika bilduma baten aurrean aurki daitekeela. «Ez gaude ohituta halako musika askea entzutera. Eskertzekoa da», adierazi zuen Elkar Musikako kideak.

Diskoa udaberrian Elkar estudioetan grabatu zen eta «zuzeneko sesio magikoak» izan zituen gogoan Camiok. «Abentura bat», gehitu zuen Beñat Achiaryk. «Kanturik ez da niretzako abenturarik gabe», zehaztu zuen.

Achiaryren ustetan, ezinezkoa da diskoa bere osotasunean definitzea. «Pieza bakoitzak du bere estiloa. Diskoa ezin da estilo batean definitu». Gehiegi aurreratu gabe, artzain baten istorio «zinez hunkigarria» edo «esperientzia bitalak, exilioak, gerlako istorioak, nostalgiak» topa daitezkeela baieztatu zuen Donapaleuko musikariak. «Biziki ederrak dira poemak».

Hamar abestiz osatutako lana da ‘‘Bas(h)oan II’’ hau. Hala ere, «prozesu bizi bat» dela nabarmendu zuen Achiaryk. «Lan handia eskatu duen prozesua eta amaitu ez den prozesua», gehitu zuen.

Definitzeko orduan, Irazokik ere duela sei urte kaleratutako lana jarri zuen adibide gisa. «Badago lotura jotzeko moduan, kantei aurre egiteko moduan». Hala ere, nabarmendu zuen «lau musikariak esparru ezberdinetatik» iritsi direla proiektu amankomun honetara, baina «inprobisazioa» beti izan dela haien guztien ezaugarria. «Espiritu hori aurreko diskoan zegoen eta oraingoan ere bai».