GARA Euskal Herriko egunkaria

«Dimisioa», Juan Luis Zabalaren zientzia fikziozko lehen liburua

Zabalak ipuin-liburu berria aurkeztu du, «Dimisioa» izenburupean. Gizakiek amore eman, eta munduaren agintea adimen artifizialaren eta makinen esku utzi dute. Mundu horretan kokatu ditu 15 ipuinak eta, batez ere, pertsonen arteko gatazkak jasotzen ditu liburuak.

Zabalak atzo goizean aurkeztu zuen bere bosgarren narrazio liburua Donostian, «Dimisioa». (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gizakiek dimititu egin dute eta munduaren aginte osoa adimen artifizialaren esku utzi; testuinguru horretan kokatzen dira Juan Luis Zabalak atzo aurkeztu zuen ipuin liburuko narrazioak. “Dimisioa” du izenburu, eta neurri ezberdineko 15 ipuin independentek osatzen dute.

Leire Lopez Ziluaga editorearekin batera aurkeztu zuen Zabalak lan berria, eta, Susako editorearen ustetan, «utopiak fikzionatzeko geroz eta gaitasun gutxiago» dago, eta ondorioz interesgarria da Zabalak egindako lana: «Ez du apokalipsia irudikatzen, baina guztia ederra den kasua ere ez».

Zabalak kontatu zuen 30-40 urte barru kokatzen dela makinen agindupean irudikatu duen mundua, ez dela «oso urrutiko» zientzia fikzioa. «Ez dago astronauta askorik; irudikatu dudan mundua ez da hain diferentea». Gaineratu zuen, ipuinen ardatz nagusiak «pertsonen arteko gatazkak» direla, eta gatazka horiek gaur egungoetatik oso gertu daudela.

AGK Agintaritza Global Konputarizatua asmatu du, agintaritza horren eskuetan geratu baita mundua, eta makinen esku bizi dira gizaki guztiak. Dena izango da berria mundu horretan: IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, ONO Osasun Neurgailu Orokorra, LBS Lurraren Behaketarako Sateliteak, COVID-39 gaitz birikoa…

BOLANTEA NORK DUEN

Zabalak adierazi zuen aipu asko bildu zituela liburuan, baina bada bat berezia dena, Louis Aragonena hain zuzen ere, bere lehendabiziko liburuan ere jaso zuena: «Bada tragikotasun bat modernitatean: biraka dabilen eta inongo eskuk zuzentzen ez duen bolante handi baten moduko zerbait da». Eta adierazi zuen kezka horrek jarraitu izan duela bizitzan zehar: «Nork gidatzen du mundu hau? Sentsazio hori denok dugu, egun ez dago oso argi nork gidatzen duen mundua, eta Twitterren sartzen bazara, are zailagoa da argitzea». Eta hori argitu nahi izan du ‘Dimisioa’ ipuin liburuan, 155 orritan badakigu nork gidatzen duen mundua, makina batek, «makina jator» batek, idazlearen ustez.

Utopiei erreparatuz, tristea izan daitekeela aitortu zuen Zabalak: «Tristea izan daiteke gizakia konturatu delako ez dela gai mundu hau gidatzeko. Baina makinen esku utzita gizartea erabat kontrolatuta dago; eta gainera, oraingoan tiranoa makina bat da». Baina, aldi berean, ez dago gerrarik mundu horretan, klima larrialdirik ere ez, eta Zabalak urteetan buruan izan duen ideia bat ere jaso du: trafikoa mugatzearena. Sinesgarritasunaren eta desiragarritasunaren artean dantzan ibili dela aitortu zuen.