GARA Euskal Herriko egunkaria

Reggaetonak


Irutxulo Hitza’’-k parez pare paratu zituen bi DJ, Lamia Mari (Oihana Razkin) eta La Fulana (Unai Ribera). Elkarrizketa gardenean, hausnarketa soziologikoak eta jaietako musikaren egunerokotasunetik jasotako esperientzien berri eskaini dute. Kokoteraino daude Euskal Herrian reggaetonaz ditugun aurreiritzi merkeaz. Reggaetona musika generoa matxista dela entzuten dutenean, auzo-lotsa sentitzen dute. Musika genero bati goitik bera matxista denik ezin zaio esan. Reggaetonak eta punkak emakumea mespretxatzen duten letra asko dituzte, baina ezin esan daiteke, arrazoi hantuste eta orojakile batean oinarritzen ez bagara behintzat, musika-genero bateko testu guztiak matxistak direnik. Izatekotan, jarrerak, ekintzak eta hitzak dira matxista, suntsitzaile, arrazista, zapaltzaile eta hertsatzaileak. Reggaeton abesti batek, edo edozeinek, jarrera suntsitzaileak dituenean, horren aurka borrokatu behar da, askatasuna izan nahi badugu, burujabetasuna bermatzeko.

Jai herrikoiak bezain arrazistak diren espazio gutxitan egon dela dio La Fulanak, eta reggaetonaren jatorriak ba omen du arrazismoarekin zerikusia. Haien musika nahi dugula diote, baina ez haien kultura, kolorea. Gitarra sartu zenean gurean, askok arrotzatzat jo zuen, atzerakoiak ziren. Trikitia Italiatik etorri zen; eta egun, geure betiko tresnatzat dugu. Bi DJ-ak kritikoak dira “reggaeton feminista” etiketarekin, feminismoa erabiltzen delako, reggaetonaren aurka joateko. Hemen ere, ez nago ados.