GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Sener Aeroespacial edo gerrak emandako aukerak


Badirudi kontuak ondo doazela Sener Aeroespacial enpresan. Puntakoa da misilen diseinu eta fabrikazioan eta faktoria berri bat zabalduko du Zamudion. Gaza eta Ukrainako gerra gatazken oihartzun betean. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk lantegi berriaren lehen harria jartzen parte hartu zuen astelehenean, enpresa horren eta Familia Enpresaren Institutuaren presidentearekin. Elkartze hori nabarmendu zuten hedabide askok, hain justu aurreko astelehenean, Institutu horren ospakizunean, Iñigo Urkullu euskaraz hitz egiten hasi zenean bertaratutako enpresarien marmarrak lehendakariaren hitzaldia eten baitzuen. Talka linguistikoa alde batera utzita, enpresaren inbertsio hori eskertu eta euskal enpresen jarrera ekintzaileak bere Gobernua lagun izango duela esan zuen Urkulluk; horietako bat, jakina, Sener, «eredua eta erreferentzia» dena.

Iaz, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Europako Defentsa Funtsa indartzeko asmoa iragarri eta esan zuen horrela «aukera berri eta garrantzitsuak» irekiko zirela goi teknologiako industrientzat eta ekonomiako beste sektore batzuentzat. Hemengo zenbait hedabidek arma sektorearentzako aukera horiek aipatu zituzten, euskal arma industria, Ukrainako gerraren ondorioz, gorakada garrantzitsua izateko prestatzen ari zela nabarmenduz. Sener enpresaren jarduera erritmo handian hazten ari da, haren presidenteak esan zuenez; hala ere, haren «jarrera ekintzailea» ez da berria. Duela hamar urte, ehunka palestinarren heriotza eragin zuten bonbardaketen ondoren, zenbait euskal kolektibo antimilitaristak egin zuten ikerketaren arabera, eraso haiek egin zituzten hegazkinen sentsoreak Senerrek diseinatuak ziren.

Jakineko gauza da armen lobbyak Europako Batasunak arma kontuetan hartzen dituen erabakietan duen eragina, baina ez da inondik inora onargarria instituzioen sostengua eta diru publikoa erabiltzea lobby horren interesekin bat datorren norabidea hartu eta gerra gatazka horiek elikatzeko, konponbide diplomatikoak bilatu eta erraztu beharrean. Lehendakariak ere kontuan izan behar luke, are gehiago euskal jendarteak beste norabide bat eskatzen duenean.