IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Interview
OIHANA HERRERA
Melenas taldeko abeslari, gitarrista eta teklatu jotzailea

«Musikaren mundua oso prekarioa da, gutxi batzuk bizi daitezke honetatik»

Leire Zabala, Maria del Amor, Lauri de la Torre eta Oihana Herrera dira Melenas taldea osatzen dutenak. Urte batzuk badaramatzate dagoeneko elkarrekin Iruñeko lau emakume hauek, bai lokalean, bai oholtzan ere, baina orain da beren momentua. Hori iradokitzen digu behintzat diskoaren izenburuak, ‘‘Ahora’’ deitzen baita taldearen berriena.

(José DELOU)

 

Gabon, Oihana.

Gabon. Zer moduz?

Ondo, eta zu?

Ondo. Oso pozik.

Elkarrizketa hasteko modu bitxia izango da hau, baina badakizu zer gogoratzen didan diskoa irekitzen duen «Ahora» kantuak? Ipar Amerikako amerindiarren euriaren dantza eta akelarre baten arteko nahasketa.

Bada, hala da, ez zabiltza urruti. Hortik doa ideia. Diskoa irekitzea ‘‘Ahora’’ esanez eta sorginkeria moduko zerbaitekin, mantra hau errepikatuz, akelarre bat bailitzan. Hau da diskoaren izenburua ere.

«Orain edo inoiz ez» diozue kantuaren uneren batean. Zergatik hori?

Egia da. Gerora konturatu ginen momentuaren istorioaz. Denboraren garrantziaz hitz egiten dugu, denbora nori eskaintzen diozun, norekin pasatzen duzun…

Azkenean momentu presenteenaren garrantziari abesten diogu. Beste guztia eginda genuela, bazegoen kantu hau, eta diskoa irekitzeko egokia iruditu zitzaigun, eta baita diskoaren izenburu bezala jartzeko ere.

Taldeari buruz hitz egin behar dugu, lehenbizikoz elkartu garelako, nahiz eta ez den lehen diskoa. Europa mailako talentu sari bat eskuratu zenutenean izan genuen lehenengoz zuen berri.

Bueno, gu 2016ko udan hasi ginen, ondo pasatzeko asmoz, intentzio handiegirik gabe. Kontzertuetara joaten ginen, eta gure inguruan talde pila bat zeudela konturatzen ginen. Gau batean Mariak esan zuen gustatuko litzaiokeela talde bat osatzea, eta nik esan nuen niri ere baietz.

Txikia nintzenean biolina ikasi nuen. Eta une hartan gitarrarekin probak egiten ari nintzen, eta abesti batzuk konposatzen ere bai. Egiten ari nintzen hori beraiekin partekatu nuen eta taldea egiten saiatu ginen.

Mariak Lauriri idatzi zion, bateria bilatzeko bidean bera etorri zitzaiolako burura, eta baietz esan zion. Gero gauza bera gertatu zen Leirerekin. Eta entseatzen hasi ginen, baliabide handirik gabe, denok instrumentuekin nahiko hasiberriak ginelako. Bost abesti genituela, Guillermo F. Mutiloarengana joan ginen, orain bezala, laguna genuelako. Bada, bost abesti hauek grabatu eta segituan irratietara iritsi zen. Zuzenekoak ematen ere hasi ginen, eta pixkanaka gauden lekuraino iritsi arte.

«1986» kantuak erritmoetan surf eta ye-ye ukitu bat badu. Entzutean, kantu honetan ez zait iruditu gitarrarik dagoenik.

Diskoan bi abestietan soilik daude gitarrak, baina egia da kantu hau hasiera batean gitarrarekin konposatu zela. Baina ondoren teklatura pasatu nintzen. Halako ariketa asko egin ditugu disko honetan, konposatzerakoan. Aurrekoetan gitarrarekin konposatzen nuen, baina izatez nire instrumentua teklatua da. Hortaz, ari nintzen gitarrarekin, eta teklatuko sonoritatearekin jolastu nahi izan nuen, zer gertatzen zen ikusteko.

Letrei erreperatuz, ezinbesteko galdera: beti errebelde izaera duzue?

Bai, kar-kar. Laurok, gainera, bagara pixka bat horrelakoak, abestiak esaten duen modukoak; arriskuak badaude, baina hori egiteko beharra ere sentitzen dugu.

Baina, aldi berean, adinarekin gurasoen esanek zentzua hartzen dutela ere erakusten duzue.

Jakina. Baina, nahiz eta hori jakin, izateko modu horrek hor jarraitzen du, ezta? Ez akaso hain gauza sinpleekin, baina beste batzuekin bai.

Urte hori erreferentzia bezala hartzen duzue, baina sakoneko galdera bat badut. Mundua izugarri aldatu da edo transformatu da, eta oinarrian egoerak bera izaten segitzen du?

Ui, ze transzendentala. Nigan sentitzen dut bi edo hiru bizitza bizi izan ditudala. Nire gurasoek izan ninduteneko adina dudala orain. Asko pentsatzen dut nolakoa zen haien egoera eta nolakoa den nirea, eta sentitzen dut dena zailago dagoela orain, egia esanda. Badago oraindik asko aldatzeko, eta ez dakit hobera goazen edo ez.

Zuek oholtzan lau emakume zarete. Oholtzan egoera aldatu da 1986tik hona. Baina egoera aldatu da edo itxura gehiago da, benetan aldatu dena baino?

Aldatu da, baina pixkanaka. Hasi ginenean ez zitzaien ikusgarritasun gehiegi ematen Espainian emakumezkoen taldeei, eta une horretatik aurrera gehiago eman zaio eta oso nabaria da hori. Batez ere ikusita gero eta emakume gehiago daudela taldeetan, musika oso ona egiten eta, aukera emanez gero hor egon gaitezkeela erakutsiz. Kalitate oso onarekin, bestelako proposamen oso interesgarriekin. Eta egin behar dena da emakumeei tokia uztea. Eta ez soilik oholtzan, baita ere produkzioan edo bestelako arloetan ere musikaren sektorean.

Arrazoi duzu, ez zaie espaziorik ematen. Eta gainera bestelako ikuspegi batzuk, mezu batzuk eta soinu batzuk lortzen dira. Dena aldatzen da. Esaten nuen hori guztia, hasi zinetenean maskulinoagoa zen mundu batean hasi zinetelako eta hor ere bilatuko zenituztelako hainbat traba.

Bai, guztiz. Eta nabarmentzen duzu jotzera zoazenean begiratzen zaituztela zalantzarekin, mesfidati, ea zer egiteko gai garen bezala, konfiantzarik gabe zure proposamenarekiko. Baina laurok elkarrekin bat egin dugu eta horren aurkako erresistentzia egin dugu. Eta horri buruzkoa ere bada disko hau, edo ‘‘Bang’’ abestia.

Oso berezia da «Dos pasajeros» kantuaren sarrerako soinua. Bossanova erritmoa duela dirudi erritmo kutxak, casiotone soinua duena.

Pila bat gustatzen zaizkit, egia esan. Eta diskoan erabili ditugu, gainera.

Baina hemengo soinuaren kalitatea beste bat da, ez da hain oinarrizko instrumentu batek ematen duena. Gurasoek zure musika ibilbidean konfiantza minimo bat jarri eta teklatu hobea erosten dizutenean, bada teklatu horren soinua du. Beste sofistikazio bat du.

Jotzen dudan teklatua eta diskoan erabiltzen dudana nire gurasoek nerabezaro atarian oparitu zidaten teklatua da. Erritmo kaxa hori ez da horretatik atera, baina bai aterako zela beste teklatu batetik. Sonoritate horiek pila bat gustatzen zaizkigu, badute lo-fi kutsu hori. Sekulako gogoa genuen baita ere estilo desberdinetako mix hau sartzeko diskoan, eta hor ibili ginen erritmo kutxekin jolasean; hortik sortzen dira abestiak.

«Flor de la frontera» kantuan, ez dakit pentsatu duzuen edo ez, baina western ukitu bat hartu diot guztiari, erritmoagatik batez ere. Desert synth-rock bezala bataiatu dut hau. Gero muga ere aipatzen da, baina ez dakit Pirinioetako mugaz ari zaren edo Bardeak eta Aragoi zeharkatzen dituenaz ari ote zaren.

Bada, begira, amatxi Auritzen jaio zen, eta guk txikitan denbora asko pasa genuen han. Abestiaren ondoren etorri zen letra. Baina badu misterio hori, laino arteko hori, egunez joaten direnak baina gauez berriz ere herri guztia hartzen dutenak… Mendien berdea, hotza… Badute misterio kutsu hori melodiak eta abestiak, eta hortik doa westerna. Abestia egindakoan pentsatu genuen letra, eta momentu horretara eraman ninduen. Nire amatxik baditu orain 95 urte, eta badauka berezitasun hori, oso indartsua delako; eta sentsibilitate eta hauskortasun hori ere badu.

Bira berrian Euskal Herrian izan zarete, Donostiako DabaDaban. Iruñeko Zentralen izango zarete orain, azaroaren 4an. Eta 9an, Bilboko Kafe Antzokian. Bira gehiago zabaldu da?

Data pila bat ditugu. 2023 bukatu arte asteburuero badugu kontzerturen bat. Izan gara Bartzelonan, bagoaz Madrilera, Lanzarotera, Parisera… Eta beste hainbat kontzertu ditugu. 2024an Europako beste bira bat dugu eta Berlinera iritsiko gara; orain arte ez gara han izan taldearekin. Gogotsu gabiltza.

Kasu honetan «Mal» ezin duzue esan, baina lanaren inguruko ezbai klasiko bat ekarri duzue abesti honetan. Zuek begira zer zigilurekin zabiltzaten, zer nolako bira aipatu diguzun… baina musikatik ez zarete bizi, afizioa ezin lana bihurtu oraindik.

Laurok badugu beste lan bat; hortaz, bi lan ditugu. Musika eta bestea, eta esfortzu handia eskatzen du honek guztiak, jakina. Baina bueno, gutaz aparte, orokorrean horrela izaten da. Abestiak dio, «lo mejor de trabajar es no trabajar» eta hori nola izan daiteke posible, hainbeste ordu sartzen baditugu lanean eta ez badugu beste aukerarik? Ez du zentzurik. Dena dela, musikaren mundua oso prekarioa da eta gutxi batzuk bizi daitezke honetatik.