GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Europari eustea izango dute helburu zuri-gorriek Vila-Realen aurkako partidan

Bilbotarrek etxetik kanpo jokatuko dute gaur Vila-Realen aurka (18.30ean). Sailkapeneko seigarren postua ez galtzea izango dute xede.

Vesga eta Berenger Valentziaren aurkako partidan, San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Ezin hobeto ekin zion Athleticek ligari: lehen jardunaldian Real Madrilen aurkako partida galdu ostean, hurrengo partidetan hamabost puntuetatik hamahiru bildu zituen. Emaitza horiei esker, Europako postuetan sartu zen. Orain, ordea, kontrako norabidea hartzen ari da: azken hamabost puntuetatik bost bakarrik eskuratu ditu. Iragan denboraldiko mamua ez agertzen ahaleginduko dira gaur, bolada txarrari amaiera eman, eta garaipenaren bidera itzultzeko. Izan ere, joan den sasoian, Qatarko Munduko Koparen aurretik, Txapeldunen Ligako postuetan zegoen Bilboko taldea, eta gerora, Europako postuetatik kanpo amaitu zuen ligan.

Parean, zuri-gorriek ez dute nolanahiko arerioa: Vila-Realen aurka neurtuko dituzte indarrak. Valentziako taldeak ez du nahi bezain ondo hasi sasoia, baina martxa hartzen ari da, eta Europan sartzeko borrokan egoteko moduko taldea du. Athletic sei puntura du. Eta hori Ernesto Valverdek badaki. «Normalena da talde honek goraka egitea, jokalariek duten kalitatea kontuan hartuta», adierazi zuen atzo prentsaurrekoan.

«EMAITZA ONIK EZ»

Azken denboraldietan, Athleticentzat ez da zelai erraza La Ceramicakoa, bertan jokatutako azken hemezortzi partidetan bakarrik behin irabazi baitu. «Ez da aurkari erraza izango. Azkeneko denboraldietan ez dugu emaitza onik atera. Joan den denboraldiko neurketa zaila izan zen guretzat, bost gol egin zizkiguten».

Vila-Real, emaitzei erreparatuta, hobeto dabil etxetik kanpo. Hori abantaila bat izango al da zuri-gorrientzat? Hau erantzun zuen prestatzaileak: «Egia da beraiek puntu gehiago biltzen ari direla etxetik kanpo, baina, egia da baita ere, normalena dela denboraldia joan ahala, joera hori iraultzea. Oro har, etxean fidagarriagoak dira, goleko aukera asko egiten dituztelako, eta teknikoki talde ona dutelako».

Athleticek azken partidetan bildutako puntu eskasek bat egiten dute golen bolada txarrarekin. Horren inguruan galdetuta, Athleticeko entrenatzaileak adierazi zuen gol aukerak egiten badituzte, gertuago egongo direla gola egiteko: «Ea berriro ere lortzen dugun golen bolada ona izatea. Horrez gain, goleko aukerak ere sortu behar ditugu, eta jokaldiak amaitu. Batzuetan, kosta egiten zaigu eta».